Itxi

kultura

Eredu aldaketa

Eureka! Donostiako zientzia museoa 2023an itxiko dute

N. V. | EITB Media

Tabakalerara eramango du Kutxa Fundazioak bere eskaintza berria. Hernaniko Ekogunea eta Etxarriko Arotz Enea udalekuak ixtea ere erabaki dute.

  • Familia bat Eureka! Zientzia Museoan. Webgunetik hartutako irudia.

    Familia bat Eureka! Zientzia Museoan. Webgunetik hartutako irudia.

Egungo Eureka! Zientzia Museoa ekipamendua 2023an itxiko da, eta bere dibulgazio eta hezkuntza jarduerak berritu eta birformulatu egingo dira Kutxa Fundazioak Tabakaleran duen gunean, "formatu modernizatu, digitalizatu eta garaikidean", Fundazioak berak gaur iragarri duenez.

Erakundea eraldatzeko prozesu "sakon" bati ekitea erabaki dute, "gizartera hurbiltzeko eta gizartearekin harremanak izateko duen modua aldatzeko".

Ildo horretan, Kutxa Fundazioak Tabakaleran hartuko duen espazio berria diziplinarteko ezagutza sustatzeko birpentsatuko da, "gizartea eraldatzen lagundu dezan, arte, kultura, zientzia eta teknologian oinarrituta, lurraldeko ezagutza- eta berrikuntza-ekosistema zabalaren eskutik".

Kutxa Fundazioak egindako hausnarketa prozesuaren eta krisi ekonomikoak, digitalizazioak, larrialdi klimatikoak eta covid-19aren pandemiak bizkortu dituzten gizarte aldaketa sakonen emaitza da hain eraldaketa sakona, Fundaziotik azaldu dutenez.

Fundazioak Tabakaleran duen presentzia indartuko du, "bertan dituen 5.600 metro koadroak birformulatuz eta egokituz, Kutxa Fundazioaren gune berri bat finkatzeko".

Ekogunea eta Arotz Enea ere itxi ditu Kutxa Fundazioak

Ekoguneak Hernanin dituen instalazioen jarduera etengo duela ere iragarri du Kutxa Fundazioak, baina aurreratu duenez, "beste eragile batzuekin hitz egiten" ari dira zentroaren inguruan "iraunkortasun proiektu bat egiteko". Zentzu horretan, "jasangarritasunarekiko konpromisoa" indartuko duela adierazi du Fundazioak "Baso Eskola-Naturan Hezi bezalako hezkuntza eredu berriak garatuz" eta erronka ekologikoen inguruko "proiektu esperimentalak" bultzatuz.

Bestalde, Etxarriko (Nafarroa) Arotz Enea udalekua berriro ez irekitzea erabaki dute. Pandemia hasi zenetik itxita egon da etxea.

Kutxa Fundazioak plan berria defendatu eta "Gipuzkoako eragile garrantzitsuenekin elkarlanean" egiten zituen "programak eta proiektuak bideratzeko modu berri bat" proposatu du, "iraunkortasuna eta kohesio soziala, hirugarren sektoreko erakundeen indartzea, ekintza sozialerako laguntzak eta biozientzien eta onkologiaren I+G+b bultzatzeko proiektuak bultzatuz, besteak beste".

Orain arte bezala, datozen urteetan ere 20 milioi euroko urteko aurrekontuari eutsiko diola jakinarazi du, azkenik, Kutxa Fundazioak.