Itxi

kultura

EAE-ko aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontua % 11,6 handituko dute

EITB Media

Bingen Zupiria sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, 322,4 milioi euroko aurrekontua nola banatuko duten azaltzeko. 161,5 milioi euro EITBra bideratuko dituzte.

  • Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua. Argazkia: Irekia.

    Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua. Argazkia: Irekia.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak agerraldia egin du gaur, asteazkenarekin, Eusko Legebiltzarrean, beren sailaren kontuen berri emateko.

Zupiriak gogora ekarri du bera buru duen sailak 322,4 milioi euro izango dituela datorren urtean, aurten baino % 11,6 gehiago, eta horietatik 161,5 EITBra bideratuko dituztela.

Aurrekontu horren banaketari dagokionez, 70,6 milioi euro Kultura Sailburuordetzaren esku geldituko dira, 69,4 milioi Hizkuntza Politikarekin lotutako ekimenetara joango dira, 3,4 milioi Etxepare Institutura bideratuko dira eta 12,2 milioi Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzara.

Inbertsioen artean, hauek azpimarra daitezke: Barakaldoko (Bizkaia) Orconera industria ondare higigarriaren zentroa, 3.100.000 euro; Albaola Pasaiako (Gipuzkoa) Itsas Faktoria museo biziaren azpiegiturak handitzea, 2 milioi euro; Sestaoko (Bizkaia) Labe Garaia, 2 milioi euro; 1,2 milioi, Zallako artisten gunea; eta 500.000 euro Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko. Gainera, 1,5 milioi euro Guggenheimen esku jarriko dira, obra berriak eros ditzan.

Zupiriak zehaztu duenez, aurreikusitako inbertsioetan ez dituzte kontuan hartu Europar Batasunak Next Generation programaren baitan eman litzakeen funtsak.

"Sorkuntza sustatzea eta euskal sortzaileen jarduera bermatu eta laguntzea" izango da legealdiko konpromiso nagusietako bat, Bingen Zupiriaren hitzetan, eta horretara bideratuko dira Sailaren laguntzen % 31. 13,7 milioi euro sorkuntza bultzatzeko deialdiak eta programa bereziak egiteko erabiliko dira musikaren, arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen, literaturaren eta ilustrazioaren arloan, besteak beste.

Bestalde, 28,4 milioi kultura eskaintza eta zabalkundera bideratuko dituzte. Atal honetan, Euskadiko Orkestra, Euskadiko museo eta kulturgune handiak, kultura jaialdiak eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak daude.

Bestalde, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak 69,5 milioi izango ditu euskararen ezagutza eta erabilera sustatzera, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzera eta erakundeen arteko lankidetza sendotzera bideratzeko.  

Zupiriak azpimarratu du euskara ikasketen doakotasunera ia 3,8 milioi euro bideratuko direla. Aurreko legealdian B2 mailan ezarri zen doakotasuna, eta oraingoan, Zupiriaren hitzetan, "C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte arteko gazteek matrikula doan izateko urratsak emango dira".