Itxi

kultura

durangoko azoka

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu du Pantailak Euskaraz ekimenak

eitb media

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen "egoera larriarekin" kezkatuta dago mugimendua, eta 35 eragileren babesa jaso du kaleratutako adierazpenak.

  • Arlo desberdinetako 35 eragileren babesa izan du adierazpenak. Argazkia: Pantailak Euskaraz

    Arlo desberdinetako 35 eragileren babesa izan du adierazpenak. Argazkia: Pantailak Euskaraz

Pantailak Euskaraz ekimenak euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu du larunbat honetan, Durangoko Azokaren testuinguruan eskainitako prentsaurreko batean, Irudienea espazioan. Ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzaren munduko 35 eragileren babesa izan du adierazpenak.

Izaskun Rekalde Netflix Euskaraz plataformako ordezkariak eta Alex Aginagalde Disney Plus Euskaraz taldeko ordezkariak aurkeztu dute testua. Iñigo Arandia eta Ibon Iza ere bertan izan dira, Tinko Euskara Elkartearen eta Zinemak Euskaraz ekimenaren ordezkari, hurrenez hurren. Gainera, aipamen berezia egin diete bidelagun izan dituzten Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteari eta Game Erauntsia elkarteari.

2021eko ekainean sortu zen Pantailak Euskaraz mugimendua, euskarak ikus-entzunezkoetan duen "presentzia eskasarekin" eta "egoera larriarekin" kezkatuta zeuden hainbat herri ekimen eta eragilek bat eginda. Egoera hori "irauli eta euskarazko etorkizun baten aldeko ekarpena" egitea dute helburu.

Halaber, Aginagaldek adierazi duenez, euren proposamenen xede dira "euskararen normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea".

Horretarako, hamar proposamen jasotzen dituen manifestu bat garatu eta aurkeztu dute. Rekalderen esanetan, bertan jasotzen diren neurriak "estrategikoak dira, gure hizkuntzarentzat eta gure herriarentzat".

Hasteko, euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko "finantzaketa publikoa handitzea" nahi dute ekimenaren eragileek. Zentzu horretan, EITB indartzeko eskaera egin dute, "euskararen normalkuntzarako tresna bihurtu dadin".

Halaber, euskarazko streaming plataforma "sendo" bat sortzeko proposamena ere mahaigaineratu dute. Horrekin lotuta, streaming bidezko plataformetan euskararen presentzia legez bermatzeko eskatu dute, baita zinemaren lege propioak sortzeko ere.

Bideojokoetan eta sortzaile plataformetan, berriz, "euskararen presentzia bermatu eta sustatzea" da Pantailak Euskaraz Ekimenaren eskaera.

Gainera, ikus-entzunezkoen "lege propioak" sortzea nahi dute, baita ikus-entzunezkoen kontseilu propioa ere, lurralde-administrazio bakoitzean. Era berean, espainiar eta frantziar kate publikoen euskarazko edukien eskaintza aldarrikatu dute, eta koordinazio-organoaren sorrera, hiru lurralde-administrazioetako ordezkariz osatua.

Manifestuak askotariko eragileen babesa eta atxikimendua jaso ditu: AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea, Bertsozale Elkartea, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Bilboko Kafe Antzokia, Dianey + Euskaraz ekimena, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Ene Kantak taldea, Euskal Encodings ekimena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, Game Erauntsia elkartea, Hekimen euskal hedabideen elkartea, IBAIA ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea, Ikastolen Elkartea, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa, Kantu Kolore taldea, Katxiporreta elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Kristau Eskola, Lanartea euskararen langile profesionalen elkartea, Napar ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra, Netflix Euskaraz ekimena, Sortzen eskola publiko berriaren aldeko elkartea, Tinko Euskara elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 3000TWITZ ekimena, UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, Zinea.eus ataria, Zinemak Euskaraz ekimena eta Zukugailua elkartea.