kultura
Zinema
Urrezko Globoek Alberto Iglesias donostiarra izendatu dute 'Madres paralelas' filmaren soinu-bandagatik
Agentziak | EiTB Media
Musikagile gipuzkoarraren bigarren izendapena da; izan ere, 2008an 'The kite runner' pelikularen musikarekin lehiatu zen. Zeremonia urtarrilaren 9an izango da.
-
Alberto Iglesias musikagile donostiarra. EiTB Mediako bideo batetik ateratako bideoa.
Urrezko Globoek Alberto Iglesias donostiarra izendatu dute, musikarik onenaren saria jasotzeko 'Madres paralelas' filmaren soinu-bandagatik. Sarien 79. edizioko zeremonia 2022ko urtarrilaren 9an egingo du Hollywoodeko Atzerri Prentsaren Elkarteak (HFPA).
Hans Zimmer 'Dune' pelikulako musikagatik, Germaine Franco 'Encanto' filmaren soinu-bandagatik, Alexandre Desplat 'La cronica francesa' eta Jonny Greenwoodekin, 'El poder del perro', lehiatuko da Iglesias. Musikagile gipuzkoarraren bigarren izendapena da; izan ere, 2008an 'The kite runner' pelikularen musikarekin lehiatu zen. Zeremonia urtarrilaren 9an izango da.
Era berean, Pedro Almodovarren 'Madres paralelas' ingelesezkoa ez den pelikularik onenaren saria jasotzeko izendatu dute, eta Javier Bardem aktore nagusi onenaren golardoa eramateko, 'Being the Ricardos' film dramatikoan egindako lanagatik.
Helen Hoehne HFPAko presidenteak Snoop Dog aktore eta rap-kantariari bide eman dio, Los Angeleseko (Kalifornia) Beverly Hilton hoteletik hautagaien berri emateko. Hala ere, zeremonia bera ere zalantzan egon da hilabete gutxira arte.
HFPAko kideen artean aniztasun falta eta praktika ez etikoen salaketek polemika piztu zuten, eta antolatzaileek 2022ko edizioa bertan behera utzi zuten. Iragan urrian, ostera, sari-banaketa baieztatu zuten, baina NBC telebistak zeremonia emateari uko egin zion.