kultura
Liburu proiektua
Jon Artano kazetariak irabazi du Tene Mujika beka
N. V. | EITB Media
Amerikaren eta Euskal Herriaren arteko joan-etorriko harremana aztertuko du zestoar kazetariak "Anderik Ande" izeneko proiektuan.
-
Jon Artano
Jon Artano EITBko kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka, Amerikan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta Euskal Herrian dauden hainbat amerikarrenak kontatu nahi dituen 'Anderik Ande' izeneko proiektuaren bidez.
Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika bekak.
Aurten, Artanoren proiektua aukeratu du irabazle moduan Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Urtebeteko epea izango du Artanok lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Bi zati izango ditu lanak. Lehena, 'Joandakoez', Hego Amerikan gertatzen da, eta Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu.
Bigarren partea, 'Etorritakoez', gaur egun Latinoameriketatik Euskal Herrira migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da.