kultura
Telebista
EITB Kultura 60 saioak moda munduarekin bat egingo du aste honetan
"Casualirreal" eta Ion Fizen tailerretan izango dira eta Miren Arzalluzekin hitz egiteko aukera izan dugu. Balenciagari buruzko lana argitaratu du.
Aste honetan modari hiru lehio zabalduko diogu, aurrenetik "Casualirreal" ezagutuko dugu, Bilbon bertan ireki berri dute tailerra eta indar berriz ekin diote jantzi diseinugintzari. Lau emakumek osatzen dute talde hau eta elkar ezagutu ziren Bilboko Euskal Moda Eskolan. Handik gutxira erabaki zuten talde lanean oinarritzea marka bat gauzatzeko eta pixkana pixkana jantzi Bildumak osatzen doaz, bezeroak egiten dituzten heinean.
Bigarren lehioa Getariako Balenciaga Museora begira jarri dugu, bertan Miren Arzalluz anderearekin elkarrizketa bat grabatu dugu, Museoa eta Getariako jostun handiaz haratago joan gara jostunen tradiizioa gure herrian izan duen garrantziaz, aristokraziak euskal kostaldean habia egin zuen XIX. mendearen bukaera aldera, eta giza talde horren inguruan sukaldaritza eta goi jostunek izan zuten garapenaz, maisuaren ibilbideaz eta Museoak gure herrian bere gain hartu behar duen egitasmoari buruz.
Azkenean, diseinatzaile baten tailerrera jo dugu, Ion Fiz eibartarrarengana, berak Sodupen jarri du tailerra eta handik bere ibilbidea, bere lanak, diseinuak gurean duen egoeraz htz egin dugu eta aurtengo Udaldirako prestatu duen jantzi bildumaz hitz egin dugu, bere izenaz marka egin duen hamargarren urteurrena ospatzen ari den honetan, Ion Fiz diseinuegile heldu bat dela frogatu du ondoren ikusiko duzuen saioan.