kultura
XXX. edizioa
Bartzelonako Komiki Aretoa, roboten esku
XXX. edizioa da eta 150 erakusmahaik osatzen dute. Orain dela gutxi hil den Jean Giraud “Moebius”i omenaldia egin diote, berak eginiko original batzuekin.
-
Bartzelonako Komiki Aretoaren XXX. edizioa. Argazkia: EFE
Papereko robotak zein robot elektronikoak dira Bartzelonako Komiki Aretoaren XXX. edizioko protagonistak. Erakusketak robotek komikiekin eta zinemarekin izan duten harremanari buruzko ibilbidea eskaintzen du.
Bartzelonako Azokako 8. pabiloian izango den erakusketa goizean ireki dute, eta jende asko ibili da bertan jarri dituzten 150 erakusmahaietatik. Jean Giraud “Moebius”i, orain gutxi hil den komikigile frantsesari, omenaldia egingo diote aurten, berak egin zituen original batzuk eta Max, Per Joan eta Ruben Pellejero egileen hainbat lan ikusgai jarrita.
Aurtengo edizioko protagonistak alde guztietatik aurkitu daitezkeen robotak dira, horiek baitira “Robots en su tinta. De la ficción a la realidad” erakusketaren ardatzak.
Metropolis filmeko Mariarekin batera, Astroboy, Mazinger Z, R2B2 eta Star Wars saga ezaguneko beste hainbat androide ikus ditzakegu erakusketan. Horien guztien ibilbideari errepaso bat egiten diote bertan. Tibi eta Dabo Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Robotika eta Informatika Institutuko tailerretan jaiotako robotak (robot kaletar eta sozialen prototipoak) ere ikusgai izango dira bertan.
Laranja koloreko beso artikulatu erraldoi bat izan da orain arte erakusketan bisita gehien jaso duena. ABB enpresak sortu du, eta automobilgintzan erabili ohi den makina hau karikatura bat egiteko gai da.