Itxi

kultura

75. urteurrena

Unamunoren heriotza oroitzeko kultur programa bete-betea

Abenduaren 31n haren heriotzaren 75. urteurrena bete zela eta, Bilboko Udalak, besteak beste, bisita gidatuak, musika-kontzertuak eta irakurraldiak antolatu ditu, orain hasi eta abendura arte.

Miguel Unamunoren heriotzaren 75. urteurrena oroitzeko (abenduaren 31n bete zen), Bilboko Udalak kultur programa bete-betea antolatu du, eta, besteak beste, honakoak bildu dituzte bertan: bisita gidatuak bilbotar filosofo, idazle eta pentsalariaren bizitzarekin lotutako hainbat bazterretan zehar, marrazki erakusketa, musika-kontzertuak, adituen hitzaldiak, irakurraldiak, zinema-emanaldiak eta liburuen aurkezpenak. Guztiak ere abendura bitartean eskainiko dira.

Ekainaren 29tik irailaren 14ra bitartean, Foru Artxiboko erakusketa-aretoan jarriko dira ikusgai Miguel Unamunok egindako 50 marrazki baino gehiagorekin osatutako bilduma.

Bestalde, ondarea zabaltzeko “Bilbao izan” programaren bidez, bisita gidatuak antolatu dira hiriko bazterrak ezagutzeko eta arakatzeko. “Unamunoren haurtzaroko uria” izeneko bisita horiek ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute.

Programazioa osatzeko, Miguel Unamuno Saiakera Lehiaketaren XII. edizioko lanak aurkeztuko dituzte, baita XIII. edizioko irabazleak jakitera eman ere.

Miguel Unamuno Bilbon jaio zen 1864ko irailaren 29an. Bertan egin zituen aurreneko ikasketak. 1880an, Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera. 1891n, grezierako katedra lortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta, handik hamar urtera, errektore izendatu zuten bertan.

Informazio gehiago: bilbao.net