kultura
BERTSOLARITZA
Peru Abarrategik irabazi du 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa
i.l.k. | eitb media
Emozioz beteriko bertso saioaren ondoren, aurtengo txapela Aramaiora doa, Abarrategi gaztearen eskutik. Manex Agirrerekin kantatu du azken buruz burukoan.
Peru Abarrategi Sarrionaindia aramaiotarra izan da larunbat honetako Arabako Bertsolari Txapelketan garaile, azken txanpan Manex Agirre herrikidearekin lehian aritu ondoren. Bien artekoa izan da, izan ere, azken buruz burukoa.
Lehen aldiz, Gasteizko Europa Jauregian izan da txapelketa, 500 pertsonaren aurrean.
Sei bertsolari izan dira guztira oholtza gainean, bi emakume eta lau gizon, gazteak zein beteranoak: Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Oihane Perea, Paula Amilburu, Peru Abarrategi eta Xabi Igoa. Ariketa puntuagarriak amaituta, hauek izan dira puntuazioak:
Peru Abarrategi Sarrionandia: 608 puntu
Manex Agirre Arriolabengoa: 602,5 puntu
Oihane Perea Perez de Mendiola: 413,5 puntu
Iñaki Viñaspre Simon: 410,5 puntu
Xabi Igoa Eriz: 402 puntu
Paula Amilburu Izargarai: 384 puntu
Serapio Lopez Ortueta bertso irakasleak ipini dio txapela Abarrategiri. Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen Lopez Ortueta eta 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi izan dio Arabako Bertsozale Elkarteak.
Bestalde, Oihane Pereak iragarri du aurtengoa izan dela bere azken txapelketa. 12 urterekin hasi zen Gasteizko bertso eskolan ikasten eta gaur egun bertsolaritzako irakaslea da bera. Lau aldiz irabazi du Arabako Txapelketa.