Itxi

kultura

SARREREN SALMENTA

Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak erosteko arazoak daude sareak gainezka egin duelako

EITB MEDIA

09:00etan jarri dira sarrerak salgai, baina eskaria handia izan da lehen unetik, eta web atarian arazoak daudela aitortu du Bertsozale Elkarteak. Behin-behinean itxita egongo da, eta ostiralean emango dute informazio gehiago.

  • 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

    2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irudia: Gari Garaialde

Bertsozale Elkartearen web atarian arazoak daude Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak erosteko. Bertsozale Elkarteak aitortu du eskari handia jaso dutela lehendabiziko unetik eta, nahiz eta horren jakitun izan, arazoak izaten ari direla sareak gainezka egin duelako.

Sarrerak gaur 09:00etan jarri dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian, baina berehala hasi dira arazoak, eta zaleek ere sare sozialen bitartez horren berri eman dute. Elkartetik arazoa lehenbailehen konpontzen saiatuko direla esan dute.

Hala ere, eguerdi aldera azaldu dutenez, atariak erorita jarraitzen zuen.

Iluntzerako martxan egotea aurreikusten zuten baina, 20:00ak aldera Twitter bidez adierazi dutenez, behin-behinean itxita egongo da web ataria, eta ostiralean emango dute informazio gehiago.