Itxi

kultura

Kalealdia

Kalealdiak uretara egingo du jauzi datozen egunetan, Bilboko itsasadarrera

O. P. | EITB MEdia

Berariaz sortutako uretako bi ikuskizun eskainiko dira: musika, antzerkia eta dantza bateratzen dituen Le Piano du Lac konpainiaren 'Swing and swim, a bordo del piano de los mares'; eta Nostraxladamus konpainiaren 'Volantineros', produkzio arau-hausle eta desafiatzailea.

  • 'Volantineros' ikuskizunaren entseguak, Bilboko Itsasadarrean. Irudia: Bilboko Udala.

    'Volantineros' ikuskizunaren entseguak, Bilboko Itsasadarrean. Irudia: Bilboko Udala.

Kalealdia Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia martxan da joan den astelehenetik. Arteak, fantasiak eta emanaldi eskaintza anitz eta zabalak hartuak ditu Bizkaiko hiriburuko kale eta plazak.

Bihartik larunbatera, Bilboko Itsasadarra ere eszenatoki bihurtuko da, kokapen horretarako berariaz sortutako bi proposamenekin. 

Batetik, Le Piano du Lac konpainiak sortutako 'Swing and swim, a bordo del piano de los mares' ikuskizunaz gozatu ahal izango da ekainaren 30ean 19:00etan eta uztailaren 1ean 20:30ean, Erriberako zubitik. 

Konpainia honek, soinu-transhumantzia, musika, antzerkia eta dantza bateratzen ditu agertoki naturaletan. Anfiteatro inprobisatu bihurtzen ditu, eta entzute aktiboko gune berriak sortzen ditu musikaz gozatzeko eta lotura sozialak sustatzeko. 2014tik Europako ur-arteriak dira euren ekoizpenen eszenatoki. 

Bilbokoa izango da Espainiar estatuaren mugetan egiten duten lehen emanaldia. Piano-itsasontzira igoko da "Swing 276" hirukotea, konpainiara berriki batua. Chanson française eta jazz klasikoak errepasatuko dituzte, olatuen kulunkaz lagunduta, 40. eta 50. hamarkadetako dantza herrikoien airea ekartzeko publikoari. 

Bestetik, uztailaren 1ean eta 2an, 23:00etatik aurrera Areatza eta Erripako kaiaren ingurua gerturatzen direnek, 'Volantineros' ikuskizunaz gozatu ahal izango duten Nosrtaxladamus konpainia aragoarrak Bilboko Kalealdirako berariaz sortutako ekoizpen-apustu arau-hausle eta desafiatzailea.

Goi-mailako ikuskizuna da, disziplina anitzekoa, poetikoa eta bisuala. 90 metroko kablea 10 metroko altueran, trapezio bat eta masta txinatarra kablearen gainean, hiru funanbulista, bi akrobata eta hiru musikari zintzilik, eta argiztatze-diseinu ikusgarria. 

Bilboko Kalealdiaren proposamen garrantzitsuenetako bat da, ez alferrik, "ahaztu ezinezkoa" izango dela iragarri dute.