Itxi

kultura

BILBAO BBK LIVE

115.000 zale batuta, Bilbao BBK Live jaialdiak markak hautsi ditu 15. edizioan

EITB MEDIA

Bart gaueko kontzertuekin, amaiera borobila eman diote jaialdiari Kobetamendin. Datorren urteko data ere, jarri dute, jada: 2023ko uztailaren 6an, 7an eta 8an hartuko du Kobetamendik Bilbao BBK Liven 16. edizioa.

01:36

Aurreikuspenak bete dira, eta Bilbao BBK Live jaialdiak ez du, aurten ere, hutsik egin. Bi urteko etenaren ondotik, zaleen musika-gosea agerian geratu da, eta markak hautsita itxi ditu ateak 15. edizioak: 115.000 pertsona batu dira, azken hiru egunotan, Kobetamendin eta beste zenbait gunetan eskaini diren kontzertuetan. Orotora, mundu osoko 100 artista baino gehiago igo dira oholtzara.

Last Tour enpresa-sustatzaileak ohar bidez esan duenez, hamabosgarren urteurrena ospatzeko eta jaialdiaren "esentziak bizirik" jarraitzen duela argi uzteko balio izan du aurtengoak.

Bilbao BBK Live "nazioarte mailako jaialdia" ez ezik, "belaunaldien arteko jaialdia" ere badela nabarmendu dute, balantzea egiteko zabaldu duten oharrean.  Aurten, jaialdira bertaratu direnen adin-tartea handitu egin dela adierazi dute,  eta gero eta familia gehiago hurbiltzen direla seme-alabekin: "Adinen nahasketa hori jaialdian entzun ditugun soinuen aniztasunaren isla da".

Halaber, zaleen jatorrian ere jarri dute azpimarra, geroz eta herrialde gehiagotako bisitariak iristen direla Kobetamendira nabarmenduz.

Antolatzaileen arabera, oholtzan distira egin dutenen artean daude LCD Soundsystem, Pet Shop Boys, Placebo, Moderat, The Killers, Stromae, Nathy Peluso, Bomba Estereo, M.I.A, Four Tet, J Balvin, Nacho Vegas, Nilüfer Yanya, Supergrass edota Zahara. "Bilbao BBK Liven denentzako tokia dagoela argi geratu da. Horrek egiten du handi jaialdi hau", gaineratu dute.