kultura
Abuztuak 21-28
Musika, magia, akrobazia, clown eta umore ikuskizunak, kalean Bilboko Aste Nagusian
EITB Media
Arte eszenikoetako 17 konpainiak 18 ikuskizun eskainiko dituzte Bilboko jaietan, Gas plazan eta Txikigunean, Casilda Iturrizar parkean.
-
Ganso y Cíak "Panoli kabareta" eskainiko du Gas Plazan, hilak 22an, 13:15ean
Aste Nagusiaren itzulerarekin bat, Bilboko kaleak agertoki erraldoi bihurtuko dira ostera ere astebetez, abuztuaren 21etik 28ra.
Gas Plaza eta Casilda Iturrizar Parkeko Txikigunea izango dira kaleko arteen kokagune nagusiak Aste Nagusian, Udalak gaur azaldu duenez. 18 ikuskizun programatu dituzte 17 konpainiaren eskutik.
Goiz eta arratsaldez, musika, magia, akrobazia, clown eta umore ikuskizunak izango dira denetariko publikoaren gozagai, doan.
Gas plazako emanaldiak 13:30ean eta 21:15ean izango dira, eta Txikiguneko zuzeneko ikuskizunak, umeei zuzenduta, 19:30ean.
Programazioa
2022ko Aste Nagusiko Kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoen programazioan, bi ikuskizun estreinatuko dituzte: "Gora bihotzak!", Eidabe euskal konpainiarena, eta "Nüshu", 5 emakumez osatutako Cía. Capicúarena (Katalunia-Aragoi). Igandean, hilak 21, taularatuko dira Txikigunean, 19:30ean, eta asteazkenean, hilak 24, Gas Plazan, 13:30ean eta 21:15ean, hurrenez hurren.
Halaber, antolatzaileek MUR konpainiaren (Katalunia) "De tú a tú" ikuskizuna azpimarratu dute gaurko prentsaurrekoan. Aniztasun funtzionala duten artisten talde batek hartzen du parte proiektuan, eta larunbatean, hilak 27, taularatuko dute Gas plazan, 13:30ean eta 21:15ean.
Bestalde, astelehenean, hilak 22, Markeliñe euskal konpainiak "Psike" erakutsiko du, argiz, kez eta pirotekniaz betea, Gas Plazan, 21:15ean.
Euskal ekoizpenak
Casilda Iturrizar parkean bilduko da euskal konpainia eta euskarazko ikuskizun gehien. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira; hilaren 24an, asteazkenarekin, Akelarre konpainiak "TNT" lana eskainiko du; hilaren 25ean, ostegunarekin, Panpotx taldeak "Arin arin erbiaren abenturak"; hilaren 26an, ostiralarekin, Hutsun + Ortzi taldeak "Txalaparta hutsa"; eta hilaren 28an, igandearekin, Tippia taldeak "Plas & Co".
Gas Plazan, bestalde, astelehenean, hilak 22, Ganso y Cíak "Panoli kabareta" eskainiko du 13:15ean, eta Markeliñek "Psike" 21:15ean; ostegunean, hilak 25, Hutsun + Urtzi konpainiaren txanda izango da "Txalaparta hutsa" lanarekin 13:30ean, eta "Urbasa", 21:15ean; ostiralean, hilak 26, Hika Teatroaren "Gazte" interpretatuko dute 13:15ean; eta igandean, hilak 28, 13:15ean Zirika Zirkusen "Hemendikara".