kultura
Sententzia
Kultura bonuak saltoki handiak aintzat ez hartzea baliogabetu dute
Auzitegi Gorenak berretsi duenez, kultura bonuaren salmentan ez dituzte Euskadiko saltoki handiak albo batera utzi behar, Konstituzioaren berdintasun printzipioaren aurkakoa baita hori.
-
2011ko Kultura Bonoa. Argazkia: EITB
2009an, Eusko Jaurlaritzak Kultura Bonoa kanpaina jarri zuen martxan, Gabonetako oparietan deskontuak eskainiz. Auzitegi Gorenak Konstituzioan oinarrituta orain jakinarazi duenez, saltoki handien berdintasun printzipioa urratzen du, enpresa txiki eta ertainen esku jarri baitzen bakarrik.
Auzitegi Gorenak epaian berretsi duenez, saltoki handiak ezin dira, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen moduan, kultura bonuaren salmentatik kanpo utzi.
Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan eskaintza azken urteotan, Gabonetan, 25 euroren truke, 40 euroko balioa duen txartel bat eskuratzen da, kultura artikuluetan -liburuak, diskoak, antzezlanetarako sarrerak, museoak...- gastatzeko. Alde hori Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du.
Liburu denda eta saltoki txikietan erabili daiteke txartela, baina ez saltoki handietan, negozio txikiei babesa eskaintzeko. Banaketa Enpresa Handien Elkarteak neurriaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien martxoan.
Auzitegiak esan duenez, saltoki txikiei lagundu nahi izatea "ezin da merkatuaren jarduera normala desitxuratzeko edo eraldatzeko aitzakia izan". "Ez kulturaren sustapenaren ikuspegitik, ez kontsumitzailearen ikuspegitik ezin da saltoki handiak alboratzea justifikatu", adierazi du.
Auzitegi Gorenak Euskadiko auzitegiaren epaia berretsi du eta, hasierako epaiak bezala, "berdintasun printzipioaren aurkakoa" dela berretsi du.