kultura
Sariak
Esther Ferrer, Sergio Prego eta Sáenz de Gorbea, Gure Artea sariak
Sari horrekin, arteari eta euskal kulturari egin dioten ekarpena aitortzen die Eusko Jaurlaritzak.
-
Esther Ferrer. Argazkia: EITB Kultura
Gure Artea sarien edizio berriko irabazleak jakinarazi dituzte. Esther Ferrerren ibilbide artistikoa, Sergio Pregoren sormen jarduera eta Xabier Saenz de Gorbeak arte bisualetan egindako ekarpena saritu dituzte. Sari horrekin, arteari eta euskal kulturari egin dioten ekarpena aitortzen die Eusko Jaurlaritzak.
Esther Ferrer artista aitzindaria eta ausarta dela aitortu du epaimahaiak: zenbaki lehenen inguruko lanengatik da ezaguna. Emakume apurtzailea izan da eta bere herriak berriz deskubritu behar zuen, epaimahaiaren ustez.
Artista berrien alorrean, Sergio Pregok jaso du Gure Artea saria. Nazioartean etorkizun handia du eta onarpena oso gazte etorri zitzaion. Bideoan egindako ekintza esperimentaletan jarri dute arreta epaimahaikideek.
Hirugarren sailean, agenteei dagokiona, Xabier Saenz de Gorbea Radio Euskadiko kolaboratzailea eta irakaslea goraipatu dute.
Gure Artea sarien bidez 65.000 euro banatzen: lehen bi modalitateek 25.000 euroko saria dute eta hirugarrenak 15.000 eurokoa. Saridunek egin duten lana nolabait ordaindu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena aintzatetsi nahi da Gure Artea sariekin. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik-, baita beste eragile batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten aipatzeko moduko jarduera orokorragatik edo jarduera jakin batengatik.