Itxi

kultura

Aplikazio berria

KulturMapp, sakelakoetarako

Euskal Herriko kaleak geure ondarearen erakusleiho bihurtzea du xede. Une honetan, 175 interesgune baino gehiago biltzen ditu, eta ia 400 irudi eskaintzen ditu.

  • KulturMapp aplikazioa. Argazkia. euskomedia

    KulturMapp aplikazioa. Argazkia. euskomedia

Euskomedia Fundazioak smartphone gailuetarako KulturMapp aplikazioa sortu du, Euskal Herriko kaleak gure ondarearen erakusleiho bihurtzeko asmoz. Horri esker, eta klik bat eginez, erabiltzaileak hirietako zein herrietako kultura, ondare edota turismo edukien gaineko informazioa eskuratzeko aukera ematen du modu arin eta erosoan.

Une honetan, Euskal Herri osoko 175 interesgune baino gehiago biltzen ditu, eta 400 irudi inguru eskaintzen ditu. Aplikazioa doakoa da, eta, momentuz, Android sistema eragilea duten sakelakoetan erabil daiteke.

Aplikazioa erabiltzen duenak herrietako monumentu esanguratsuak, eraikin garrantzitsuenak, gertaera historikoak edo pertsonaia ezagunenak hurbiletik ezagutzeko aukera dauka. Horretarako, informazio zehatza eta laburra biltzen du.
Bestalde, iraganera bidaiatzeko aukera ere ematen du, jasotzen dituen ia 400 argazki eta irudi zaharrei esker. Modu horretan, erabiltzaileak hautatu duen tokiaren itxurak urteetan izan duen eboluzioa ikusteko parada dago.

Euskal kulturaren gida berriak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen du informazioa, eta epe laburrean ingelesez eta frantsesez ere egongo da. Gainera, audio-irakurketa egiten du, sakelako telefonoan eskaintzen duen informazioa, nahi izanez gero, irakurri egiten baitu.