kultura
Street Art Cities
Pasaiako, Tuterako eta Ondarroako horma-irudiek munduko hamar onenen artean sailkatzea lortu dute
EITB MEDIA
Street Art Cities webgunearen lehiaketan, azken fasera sailkatu dira Pasaian, Tuteran eta Ondarroan dauden artelanak. Urtarrilaren 30era arte egongo da botoa emateko aukera, hamar onenenetan onena aukeratzeko.
-
Ondarroa, Tutera eta Pasaiako horma irudiak.
Street Art Cities webguneak munduko horma irudi onena aukeratzeko zerrendan Euskal Herriko hiru lan zeuden, eta hirurek lortu dute azken fasera igarotzea, hamar lan onenen artean sailkatuta.
Nextor Otaño Nexgraff pasaitar artista gazteak Illumbe musika elkartearen ekimenez Pasaiako Casa Cirizan egindako horma irudia, Wedo Goas galiziarrak eta Slim Safont kataluniarrak Futura Tudela jaialdiaren kariaz Tuteran eginiko lana, eta Lian kataluniar artistak Ondarroan saregileen omenez egindakoa dira lehian ari diren artelanak.
"Pozik" eta "ezustean" jaso du berria Nexgraffek. Halako lehiaketa asko daudela esan du, baina azken urteotan Street Art Citiesenak "hartu duen izenagatik", "ohorea" dela zerrendako hamar onenetan egotea aitortu du. "Pozik nago, izen handiko lehiaketa bat da. Halere, artista on asko falta dira zerrendan", gaineratu du.
Bozkatzeko modua da artista pasaitarrari asko gustatzen ez zaiona. Erabiltzaileek ematen dute botoa, eta ez adituek osatutako epaimahai batek. "Sekulako lanak daude zerrendan, boto bakar bat ere jaso gabe. Bakoitzak lanak promozionatzeko duen interesaren araberako da, hein handi batean. Zenbaitek, sekulako lana eginda ere, ez du interesik promozoinatzeko", zehaztu du.
Pasaiako horma-irudia bere kuttunenetakoa dela ere adierazi du. Enkargu bat izanda ere, "askatasun handia" izan zuen lanerako, eta bere herrian egoteak, "xarma berezia" ematen dio. Tuterako eta Ondarroako lanak ikusi dituela gaineratu du, eta horien kalitatea nabarmendu.
Orotara, ehun horma-irudi aukeratu ditu Street Art Cities webguneak. Besteak beste Albanian, Argentinan, Kolonbian, Georgian, Indian, Jordanian, Zeelanda Berrian eta Errusian aurkitu dituzte lan horiek, 30 herrialdetako 92 hiritan guztira, tartean Pasaian, Tuteran eta Ondarroan.
Bozketa abiatu, eta erabiltzaileen esku dago onena aukeratzea. Urtarrilaren 30era arte egongo da botoa emateko aukera, hamar onenenetan onena aukeratzeko.
Iaz, Diego As galiziar artistak Lugon egindako lan bat izan zen irabazlea, eta ez da euskal artistak horrelako zerrendetan aukeratu dituzte lehen aldia. 2020an, esaterako, Udane Juaristi azokoitiar artistak Oviedon egindako lan bat aukeratu zuten munduko onenen artean, baita Lianek berak Leitzan egindako mural bat ere.