kultura
Bilera
Hainbat pentsalari Bilbon, mundua nola aldatu eztabaidatzeko
'Mundua aldatzeko ideiak' bilkura uztailaren 5etik 7ra izango da, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen Askatasunaren eta Kulturen Urtea dela eta.
-
Antonio Rivera eta Mikel Toral 'Mundua aldatzeko ideak' bileraren aurkezpenean. Argazkia: EITB
Kulturaren eta jakintzaren inguruko 18 sortzaile (nazioartekoak zein Euskal Herrikoak) Bilbon izango dira hiru egunez, gaur egungo munduaren arazoen inguruan hausnartzen eta horiei aurre egiteko ideiak eskaintzen.
"Mundua aldatzeko ideiak" bilera uztailaren 5etik 7ra izango da Bizkaiko hiriburuan, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen Askatasunaren eta Kulturen Urtea dela eta. Antonio Rivera sailburuordeak eta Mikel Toral sail horretako zuzendariak aurkeztu dute kazetarien aurrean, 320.000 euroko aurrekontuarekin.
Riverak esan duenez, "Mundua aldatzeko ideiak" bileran pentsamendu politiko eta soziala "posizio progresisten eta aurrerakoien bidez" aztertzen duten intelektualak izango dira. Bileraren helburua, gaineratu duenez, Euskadi, egun horietan, "pentsamenduaren nazioarteko hiriburu" bihurtzea da, baita "gizarte garaikidetan suertatzen diren arazoen ebazpenerako eta hausnarketarako plataforma" ere.
Kulturako sailburuordeak Zygmunt Bauman goraipatu du gonbidatuen artean. 2010ean Asturiasko printzearen saria eskuratu zuen, Komunikazio eta Humanitate alorrean, eta "modernitate likidoa" delako teoria sortzeagatik da ezaguna. Poloniako intelektuala modernitatearen naturari buruz aritu da, eta honako hipotesia planteatu du: gizarte garaikideen aldaketa soziala modu dinamiko eta beharrezkoan sortu behar da.
Adierazpen askatasunaren ildotik, Amy Goodman izango da, Estatu Batuetako kazetaria eta kazetaritza independentearen erreferentea. "Democracy Now!" programaren bultzatzailea da (Estatu Batuetako irrati- eta telebista-kateetan emititzen da, baita Internet bidez ere), eta Bilbotik egingo du bere saioetako bat.
Alessandro Baricco idazle eta antzerkigile italiarra ere Bilbon izango da. Literatura garaikidea irauli duen egileetako bat da Baricco. Gainera, Susan George frantziar-estatubatuarra, ezkerreko pentsamenduaren nazioarteko erreferenteetako bat, ere bileran izango da baita Germaine Greer feminismoaren teorialaria ere.
Gonbidatuen zerrendan, Sergio Ramirez Nikaraguako presidenteorde ohia eta Alfredo Jaar artista eta arkitekto txiletarra ere badaude. Gainera, Wassyla Tamzali Aljeriako giza eskubideen aldeko abokatua eta Shashi Tharoor Indiako Atzerri Arazoetako ministro ohia ere Bizkaiko hiriburuan egongo dira, beren hausnarketen berri ematen.
Euskal bozeramaileei dagokienez, Ramiro Pinilla eta Luisa Etxenike idazleak izango dira. Estatutik ere gonbidatuak izango dira: Isabel Coixet idazlea eta Ignacio Cirac Max Planck Fisika Institutuko Teoria Dibisioaren zuzendaria, adibidez.