kultura
Doinuele
Doinuele euskarazko kultura azoken bilgunea aurkeztu dute
N. V. | EITB Media
Hernaniko liburu eta disko azoka, Zarauzko Literaturia, Ziburuko liburu eta disko azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Lazkaoko liburu eta disko azoka, Baztango (H)ilbeltza, Azkoitiko Geure Gelatik eta Galdakaoko Sormene batu dira.
-
Doinueleko ordezkariek
"Euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasunak eta euskaraz bizitzeko lanak" biltzeko eta saretzeko pausoa ematera bultzatu ditu Euskal Herrian euskara hutsezko musika eta literatura emanaldi eta azokak antolatzen dituzten zortzi ekimen.
Hernaniko liburu eta disko azoka, Zarauzko Literaturia euskarazko literaturaren jaialdia, Ziburuko euskal liburu eta disko azoka, Sarako Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka, Lazkaoko euskal liburu eta disko azoka, Baztango (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea, Azkoitiko Geure Gelatik liburu azoka eta Galdakaoko Sormene sorkuntzen plaza batu, eta Doinuele sortu dute.
Euskara hutsezko publikoa indartzea dute helburu, gaur Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dutenez: "Euskaraz bizi den sarea zabaltzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu; kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea; euskalduna den jendea liburu-diskoetara ekartzea eta liburu-diskoak herritarrei hurbiltzea; euskarazko liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna plazan ikusaraztea".
Amaitzeko, sarera batzeko deia egin diete horrelako jaialdi eta azoken antolatzaileei, elkarrekin sarea osatu, zabaldu eta indartze aldera.