Itxi

kultura

Literatur txokoa

Kontuari Kontu aretoa irekiko da, Koldo Mitxelena Kulturunean

Bi helburu betetzen ditu: euskal tradizioa berreskuratu eta ezagutzera ematea eta ipuinen funtzio didaktikoa berreskuratzea. Abuztuaren 25era arte egongo da zabalik asteartetik larunbatera.

  • Kontuari Kontu aretoa irekiko da, Koldo Mitxelena Kulturunean. Argazkia: EiTB

    Kontuari Kontu aretoa irekiko da, Koldo Mitxelena Kulturunean. Argazkia: EiTB

Galtzagorri Elkartearen eta Koldo Mitxelena Kulturunearen artean sortutako Kontuari Kontu izeneko literatur aretoa zabalduko da gune donostiarraren Ganberan, hirugarren solairuan.

Bertan, tradiziozko ipuinek eskaintzen duten munduan oinarrituta, horien edertasuna sentitu, ikusi, entzun eta irakurri ahal izango dute haur eta helduek espazio berezi batean murgilduta. Egitasmoa Itziar Zubizarretak sortu eta koordinatu du, baina aretoaren moldaketa artistikoan 20 bat laguneko taldea aritu da lanean.

Garazi Lopez de Etxezarretak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura zuzendariak, gune honek bi helburu betetzen dituela esan du: batetik, euskal ipuinak, euskal tradizioa berreskuratu eta ezagutzera ematea, eta bestetik, ipuinen funtzio didaktikoa berreskuratzea.

Aretoa abuztuaren 25era arte izango da zabalik, asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara; jaiegunetan itxita egongo da. Goizez publiko zabalari itxita egongo da aretoa, haurrentzako bisita gidatuak egingo baitira Mari Garcia dinamizatzailearen eskutik.