Itxi

kultura

Bilboko zinemaldi fantastikoa

FANT zinema jaialdia maiatzaren 5etik 13ra arte luzatuko da

EITB Media

Bilboko zinemaldi fantastikoak 47 saio eskainiko ditu, eta Europa mailako hiru estreinaldi eta Estatu mailako lau nabarmentzen dira horien artean. Euskal zinemak ere lekua izango du bertan, film laburren sailean, besteak beste.

  • Gizon Ikusezinaren mitoa du ardatz jaialdiaren 29. edizioak. Argazkia: FANT

    Gizon Ikusezinaren mitoa du ardatz jaialdiaren 29. edizioak. Argazkia: FANT

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 29. edizioa ospatuko du maiatzaren 5etik 13ra, Bilboko Udalak antolatuta. Jaialdiaren egitaraua gaur goizean aurkeztu dute Justo Ezenarro FANT Jaialdiko zuzendariak eta Eugenio Puerto jaialdiaren programatzaileak.

FANTek motorrak berotu ditu dagoeneko PreFANT zikloaren proiekzioekin eta jarduera paraleloekin, baina maiatzaren 5ean, ostirala, Campos Eliseos antzokian egingo den gala batekin hasiko da aurtengo edizioa.

Ekitaldi horretan, Burnin' Percebes taldea (Nando Martinez eta Juan Gonzalez) zuzendari eta Brays Efe, Bruna Cusi eta Javier Botet protagonista dituen "El fantástico caso del Gólem" film luzea proiektatuko da, umorerik ilunena eta argitsuena nahasten dituen fantasiazko komedia ganberroa. Ondoren, Sail Ofizialeko 11 euskal film laburrak proiektatuko dira Campos antzokian bertan.

Maiatzaren 12an, ostirala, FANTen itxiera ekitaldia izango da BBK Aretoan, eta FANTeko Izarra saria emango da bertan, Zinemaldiko sari nagusia. Oraingo honetan, Belen Rueda aktorearentzat izango da, besteak beste "El Orfanato" eta "Los Ojos de Julia" filmetako protagonistarentzat.

Sari horiez gain, aurten Estatuko zinemako bi izen handiri emango zaizkien Ohorezko FANT sariak ere banatuko dira. Zorion Eguileorrek ibilbide luzeko euskal aktore, musikari eta esatari gida egindako lanagatik jasoko du, eta Paco Plaza zuzendariak jasoko du bigarrena.

FANTen lehiaketako Sail Ofiziala aurten ere programazio anitza eta askotarikoa izateagatik nabarmentzen da. Hautaketan, 17 film izango dira, guztiak estreinaldiak Bilbon. Gainera, 29. edizio honetan, film laburrek pisu handia izango dute programazioan; 30 proposamen, guztira. Horien artean, euskal zuzendariek sinatutako 11 film labur proiektatuko dira, FANT Laburrean Euskal Filmak sailean.

'Superjodidos' film laburreko fotograma.

'Superjodidos' film laburraren fotograma.

Zinemaldiak pantaila handira eramango du berriro William Friedkinen "El Exorcista", estreinatu zenetik 50 urte bete dituena aurten, eta Gizon Ikusezinaren mitoa izango du ardatz eta karteleko protagonista.

Sarrerak eta bonoak

Inaugurazio saiorako eta euskal film laburren saiorako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragai Campos antzokian, 5 euroan, amaierako galarako eta BBK Aretoko palmaresaren proiekzioetarako sarreren prezio berean.

Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan programatutako emanaldietarako sarrerak ere gaurtik aurrera egongo dira salgai, 5 euroren truke.

Era berean, 35 euroko abonu bat jarriko da salgai, askotariko saioetarako eta prentsarako proiekzioetarako sarbidea ere emango duena.

Golem Alhondiga zinemetako 2. aretorako sarbidea, berriz, doakoa izango da edukiera bete arte.