Itxi

kultura

DONOSTIA

Chillida Bidea, Haizearen Orrazia eta Chillida Leku lotuko dituen ibilbide artistikoa

EITB MEDIA

6,2 kilometroko ibilbidea, hainbat artistaren eskulturak eta eraikinak bisitatuz. Modu horretan omenduko du Donostiako Udalak Eduardo Chillida artista donostiarra, haren jaiotzaren mendeurrenean.

  • Haizearen Orrazia, Donostian. Argazkia: EFE

    Haizearen Orrazia, Donostian. Argazkia: EFE

Ehun urte beteko dira datorren urtean Eduardo Chillida jaio zela, eta Donostiako Udalak modu berezian gogoratu nahi du: Chillida Bidea izeneko ibilbide artistikoa jarriko du abian, Haizearen Orrazia eta Chillida Leku lotuko dituen ibilbidea. Bidean, Chillidaren eta beste hainbat artista ezagunen artelanez gozatzeko aukera izango dute oinezkoek eta txirrindulariek.

Datozen egunotan aurkeztuko du Donostiako Udalak ekimena, eta orduan emango ditu xehetasunak. Hala ere, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, hiriko hainbat tokitan geldialdiak eginez, 6,2 kilometroko ibilbidea egingo da, eskulturak eta eraikinak bisitatuz. Chillidaren obra ulertzeko eta ezagutzeko proposamena izango da honakoa.

Haizearen Orrazian abiatuko da bidea, eta handik, Ondarretako lorategietan barrena, Hiri Lorategiraino joango da lehendabiziko zatia. Ostean, Zumalakarregi eta Tolosa etorbideetatik, Infernua zeharkatu eta Añorgatxikira iritsiko da, azken txanpan Zabalagatik Chillidalekura iristeko.

Ibilbide horretan, ondorengo artisten lanekin egingo dute topo herritarrek: Jose Ramon Anda (Zeharki), Joaquin Montero (Zubimusu Parkea), Francisco Lopez (Zubimusu Iturria), Joaquin Montero (Oñati Plaza), Jose Zugasti (Formaren Garapena), Andres Nagel (Europa Plaza), Gaz Arkitektoak (Musikene eraikina), JAAM Arkitektoak (Carlos Santamaria Liburutegia) eta Maite Apeztegia (Merkataritza Ganbera).

Gaur, bestalde, Kunsthalle Krems museo austriarrak Chillidaren erakusketa bat zabaldu du. "Gravitation" izeneko erakusketak 80 lanez osaturikoa obra da. Bertan, marrazki linealak, gainazalarekin lotutako collageak, erliebean grabatutakoak edo paper gainean zintzilikatutako lanak ikusi daitezke. Izan ere, eskultorearen familiarekin eta Chillida Leku museoarekin elkarlanean egin da erakusketa.