kultura
V. Inkesta Soziolinguistikoa
Elebidunen kopurua gora doa EAEn eta Nafarroan
Erredakzioa
Bereziki gazteen artean egin du gora euskararen ezagutzak. Dena dela, elebidunen artean erabilera ez da hazi: gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara.
-
Bereziki gazteen artean egin du gora euskararen ezagutzak. EITB
Elebidunen kopurua gora doa EAEn eta Nafarroan, eta bereziki gazteen artean, astelehen honetan aurkeztu duten V. Inkesta Soziolinguistikoak plazaratutako datuen arabera.
“Baiezta daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik” nabarmendu du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, aurkezpen horretan.
Sailburuordeak jakitera eman duenez, “hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n (% 27 dira gaur egun). Elebidunen kopurua Nafarroan eta, batez ere, EAEn igo da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten”. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldunak duela 20 urte baino 140.239 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,4 2011n). Erdaldunen ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin dute bai kopuruak baita ehunekoak ere''.
16 urte edo gehiagoko biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Auzmendik aipatu duenez, “ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere.
Elebidunen artean erabilera ez da hazi
Gizarte osoaren erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, euskararen erabilera 1991n baino txikiagoa da gaur egun, elebidunen kopurua gehitu den arren. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute euskera 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen.
Transmisioa
Guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (% 97 EAEn, % 95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (% 87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (% 71 EAEn, % 67 Nafarroan eta % 56 Iparraldean).
Euskaldun berriak eta erabilera eremuak
Hizkuntzaren erabileran, ezinbestekoa da hiztunak hizkuntza horretan duen erraztasuna, harreman-sareak eta erabilera-eremu erabakigarriak neurtzea. Hiztun asko, batez ere gazteak, euskaldun berriak dira. 2011n, 16-24 urte tarteko elebidunen % 52 euskaldun berriak dira EAEn, % 38,6 Iparraldean eta %54 Nafarroan. 1991n, aldiz, euskaldun berriak elebidunen % 14 ziren EAEn, % 9 Iparraldean eta % 16 Nafarroan. Elebidunen erdia, gainera, gune erdaldunetan bizi da. Beraz, elebidun gehienak gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira, eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
Inkesta soziolinguistikoa bost urterik behin egiten den ikerlana da, eta bosgarrena dugu hau. Euskararen lurraldeetako hamasei urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu aintzat (2.650.000 pertsona gutxi gorabehera).