kultura
MUSEOAK
Bilboko Guggenheim museoak inoizko uztailik onena izan du aurten, 165.418 bisitarirekin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2018ko uztailean baino % 8 gehiago jaso ditu, 153.129 bisitari izan baitzituen orduan.
-
Bilboko Guggenheim Museoa. Artxiboko argazkia: EFE
Duela ia 26 urte ateak zabaldu zituenetik, inoizko uztailik onena izan du aurtengoa Bilboko Guggenheim museoak. Guztira, 165.418 bisitari izan ditu, batez beste 5.336 egunean.
Museoak gaur ohar bidez zabaldutako datuen arabera, % 8 gainditu du orain arte bere historian izandako uztailik onenaren marka, 2018koa, 153.129 bisitari jaso baitzituen orduan.
Egunik jendetsuena uztailaren 25a izan zen, 6.987 lagun hartu baitituzten bertan.
Bisitarien jatorriari erreparatuta, % 68 atzerritarrak izan dira, eta bisitari frantsesen portzentajea nabarmendu da guztien gainetik, % 16 bertakoak izan baitira. Ondoren ageri dira herbehereetarrak (% 8), britainiarrak (% 6), alemaniarrak (% 6), estatubatuarrak (% 6) eta portugaldarrak, italiarrak eta belgikarrak (% 4).
Bestalde, udako bisitari guztien % 9 Euskal Autonomia Erkidegokoak izan dira. Espainiako Estatutik etorritakoen artean, madrildarrak (% 4) eta kataluniarrak (% 3) daude.
Urtea hasi denetik uztailaren 31ra arte, 680.426 pertsonak bisitatu dute museoa, iaz epe berean baino % 17 gehiago.