kultura
Hauteskundeak
Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakari berria
Erredakzioa
Hausnarketa estrategiko bati ekitea eta Eusko Ikaskuntza erakunde eraginkorra eta moderno bihurtzea proposatu du talde berriaren programak.
-
Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako taldekide berriekin. Argazkia: eusko-ikaskuntza.org
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidente izendatu du ostiral honetan bildu den Bazkideen Batzarrak. Halaber, lehendakarigaiaren eta lurraldeko lehendakariordegaien hautagaitza bateratuak aurkezturiko programa berretsi dituzte. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren Ez Ohiko Batzar Nagusiak kargu exekutibo berriak hautatu ditu hurrengo lau urteetarako.
Hauteskundeetara hautagaitza bateratu bat aurkezten zen eta horrek bazkideen babes masiboa jaso du. Haren buruan, lehendakari gisa, Iñaki Dorronsoro Plazaola, ondoan Federico Verastegui Cobian (Arabako lehendakariordea), Rosa Miren Pagola Petrirena (Bizkaiko lehendakariordea), Jose Mari Arrazola Aranzadi (Gipuzkoako lehendakariordea), Asier Barandiaran Amarika (Nafarroako lehendakariordea) eta Ana Isabel Ugalde Gorostiza (Kanpoko lehendakariordea). Era berean, Jean-Michel Larrasquet Iparraldeko lehendakariordea berriro hautatu dute.
Eusko Ikaskuntzari buruz hausnarketa estrategiko bati ekitea eta gizartean horrek duen egitekoari buruz eztabaidatzea proposatu du talde berriaren programak, Eusko Ikaskuntza erakunde eraginkorra eta modernoa eta topaleku zein partaidetzagune bilaka dadin.
Xede horretan, "egiturak, bai gobernukoak nola kudeaketari dagozkionak, egokitu egingo" direla azpimarratu du talde berriak, "profesionaltasun eta erantzukizun partekatuaren oinarrien gainean".
Halaber, jarduera programak kudeaketa ekonomikoa jarri du bere lehentasunen artean, "guztiz zaila den egoera honetan", bai gizarte osoarentzat, oro har, nola, bereziki, kultura eta zientzia agenteentzat. Eusko Ikaskuntzak "euskarri ekonomiko duin eta egonkorra izatea" du helburu.