Itxi

kultura

San Telmo Museoa

Chillida eta haren inguru artistikoa bilduko ditu San Telmo Museoak artistaren mendeurrenean

Agentziak | EITB Media

"Eduardo Chillida eta bere garaiko arteak. Elkarrizketa bat (1950-1970)" ekainean zabalduko da eta 2024an San Telmok izango duen aldi baterako erakusketarik garrantzitsuena izango da. Museoak ostiral honetan iragarri du datorren urteko programazioa.

  • San Telmo museoa.

    San Telmo museoa.

Hogeita hamar museo eta bildumatatik batutako ehun artelanek baino gehiagok errepasatuko dituzte Eduardo Chillidaren lana eta "sormenezko unibertsoa" San Telmo Museoak ekainean inauguratuko duen erakusketan. Artistaren lanaren lehen hiru hamarkadetako obrak eta haren inguru artistikokoak erakutsiko dituzte bertan.

Eduardo Chillida eta bere garaiko arteak. Elkarrizketa bat (1950-1970) izeneko proposamenarekin ospatuko du Donostiako museoak eskultorearen jaiotzaren mendeurrena (1924ko urtarrilean jaio zen). Erakusketa horretan, eskulturak, argazkiak, pinturak, dokumentu historikoak, pelikulak, partiturak, koreografiak eta modako diseinuarekin lotutako piezak bilduko dituzte.

2024an San Telmok izango duen aldi baterako erakusketarik garrantzitsuena izango da, arduradunek ostiral honetan iragarri duten programazioaren aurrerapenaren arabera, eta Chillidaren lanez gain, hainbat diziplinatako 23 sortzaileren lanak ere bilduko ditu, Giacometti, Paul Klee, Barbara Hepworth, Picasso, Stanley Kubrick, Dubuffet, Robert Bresson, Nestor Basterretxea, Cristobal Balenciaga eta Jean-Luc Godard artisten lanak, besteak beste.

Susana Soto San Telmoko zuzendariak azaldu duenez, Maria Bolañosek komisariatutako erakusketa honen ekoizpenean, Chillida Lekuz gain, hainbat herrialdetako 30 museo eta erakunde kulturalek parte hartuko dute, baita bildumagile partikularrek ere, eta ekainaren 8tik azaroaren 29ra arte egongo dira ikusgai.

Askotariko eskaintza, formatu eta arteetan

San Telmoko zuzendariak adierazi duenez, datorren ekitaldiko erakusketa-ildoen "ezaugarri nagusia" aniztasuna izango da, bai gaien aldetik, bai formatu eta arteen aldetik ere.

2024an, Donostiako museoak Garunak erakusketa interesgarria du programatuta. Hil honen 16an inauguratuko da eta apirilaren 14ra arte egongo da ikusgai Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin, Telefonica Fundazioarekin eta Londresko Wellcome Collectionekin batera ondutako bilduma. 

Material historiko, zientifiko eta artistikoa baliatuz, proposamenak "giza garunaren anatomia" izango du aztergai, baita animaliena eta adimen artifiziala ere, eta, batez ere, "organo garrantzitsu horrek egin ahal dituenak", adierazi du Sotok.

Sotok iragarri du, halaber, erakusketa ibiltari bat egingo dela, 2024ko iraila eta 2025eko urtarrila bitartean, Askatasun garaia. Luis Martín-Santosen bizitza eta obra (1924-1964) deiturikoa. Tiempo de Silencio liburuaren egilea den donostiar idazle eta psikiatra emango du ezagutzera, haren alderdi literarioaz haratago. Espainiako Liburutegi Nazionalak eta Acción Cultural Españolak antolatu dute erakusketa hori. 

Bilduma propioen erakusketari dagokionez, San Telmok Galarza funtseko irudien sorta bat aurkeztuko du urriaren amaieratik aurrera. Gregorio González Galarza eta Carmelo semearen 3.000 argazki baino gehiago erakutsiko dituzte, XX. mendearen erdialdean Gipuzkoako hiriburuaren hirigintza-bilakaera erakusteko.

Argazkiak izango ditu oinarrian Isabel Azkarateri urtarrilaren 26tik apirilaren 7ra arte eskainiko dion erakusketak ere, artearekin zerikusia duten hiru sailez osatua.

Xare Álvarez eskultorea izango da datorren urtean, maiatzaren 25etik abuztuaren 24ra, 'Artea Abian' programaren barruan bere lekua izango duen beste artista garaikideetako bat.

Halaber, 'Museo Bikoitza' ekimenean, Hinrich Sachs (dagoeneko zabalik, 2024ko urrira arte) eta Maddi Barber (2024ko apiriletik 2025eko apirilera arte) artisten lanez gozatu ahal izango da.

Birmoldaketa eta balantzea

Bere bilduma iraunkorrari buruzko "hausnarketatik" eta arte historikoari eskainitako espazioaren berrikuntza abian jarri ondoren, 2024an zehar Euskal artearen 100 urte aretoa "sakonago" eraberrituko dela aurreratu du Sotok, eta, horri esker, gaur egun euskal artearen panoraman lan egiten duten sortzaile berriak sartu ahal izango direla erakusketan.

Jon Insausti Kultura zinegotziak, bere aldetik, aurtengo San Telmoko jardueren balantzea egin du. Horren hitzetan, hamaika hilabetean 160.000 bisitari baino gehiago izan ditu museoak. Sorollaren erakusketak (48.000 bisitari), 'Clima Ideal' kartelak (50.000) eta Amable Ariasen akuarelena (10.000) izan dira arrakastatsuenak.