Itxi

kultura

Oscar sariak 2025

13 izendapen lortuta, 'Emilia Perez' fenomenoa da Oscarretarako faborito nagusia

Agentziak | EITB Media

Karla Sofia Gascon espainiarra eta Zoe saldaña dominikarra protagonista dituen 'Emilia Perez' narcomusikal mexikarrak lortu ditu izendapen gehien (13). Haren atzetik dira 'The Brutalist' eta 'Wicked' musikala, bakoitzak 10 izendapen lortuta.

  • Karla Sofia Gascon, 'Emilia Pérez' filmeko aktore protagonista. EFE.

    Karla Sofia Gascon, 'Emilia Pérez' filmeko aktore protagonista. EFE.

Hollywoodeko Akademiak ostegun honetan eman du jakitera 97. Oscar Sarietarako izendatuen zerrenda. Karla Sofia Gascon espainiarra eta Zoe saldaña dominikarra protagonista dituen 'Emilia Perez' narcomusikal mexikarrak lortu ditu izendapen gehien, 13 zehazki. Haren atzetik dira 'The Brutalist' eta 'Wicked' musikala, bakoitzak 10 izendapen lortuta.

Jacques Audiard frantziarraren 'Emilia Perez' lana film onenaren eta nazioarteko film onenaren saria irabazteko lehian ariko dira, baita Fernanda Torres protagonista duen Walter Sallesen 'I'm still here' brasildarra ere. 

Ez da ohikoa sai horietan nazioarteko film onenaren sarirako hautagaiak film onenaren kategoria nagusirako ere izendatuta egotea. Oso film gutxik lortu dute izendapen bikoitz hori iraganean, 'Parasite' edo 'Roma' filmak, kasu. 

'Emilia Perez' eta 'I'm Still Here' filmetako protagonista atzerritarrei gehitu behar zaie 'The substance' ekoizpen franko-ingelesa ere, eta hain zuzen ere, hori da film onenen sarirako izendatutako hamar pelikulen artean emakumezko zuzendaria duen bakarra, Corale Fargeat. 

Film onenetarako, aipatutako ekoizpenei gehitu behar zaizkie 'Anora', 'The Brutalist', 'A complete unknown', 'Conclave', 'Nickel Boys' eta 'Wicked'.

Gainera, Fargeat ('The substance'), Baker ('Anora'), Corbet ('The Brutalist'), Mangold ('A complete unknown') eta Audiard ('Emilia Pérez'), zuzendari onenaren sarirako lehiatuko dira.

Gascon eta Torres emakumezko aktore onenaren saria lortzeko lehian ariko dira, baita Demi Moore ('The substance'), Cynthia Erivo ('Wicked')eta Mikey Madison ('Anora') ere.

Gascon espainiarrarena, gainera, izendapen historikoa da, Hollywoodeko Akademiaren garaikurra lortzeko lehian izango den emakumezko lehen aktore transa baita.

Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria lortzeko hautagai dira Zoe Saldaña ('Emilia Perez'), Monica Barbaro ('A complete unknown'), Ariana Grande ('Wicked'), Felicity Jones ('The Brutalist') eta Isabella Rossellini ('Conclave').

Gizonezkoen sariei dagokionez, Hollywoodeko prentsa espezializatuak asmatu du iragarpenetan eta Adrien Brody ('The Brutalist'), Ralph Fiennes ('Conclave'), Timothée Chalamet ('A complete unknown'), Sebastian Stan ('The Apprentice') eta Colman Domingo ('Sing Sing') izango dira aktore onenaren lehian. . 

Bigarren mailako gizonezko aktore onenaren atalean, berriz, Yura Borisov ('Anora'), Keiran Culkin ('A Real Pain'), Edward Norton ('A complete unknown'), Guy Pearce ('The Brutalist') eta Jeremy Strong ('The Apprentice') hautatu dituzte Akademiako kideek. 

Martxoaren 2an Dolby Antzokian egingo den Oscar Sarietarako izendapenen ekitaldia Los Angeleseko suteen biktimei omenaldia eginez hasi da. 

"Azken asteek argi utzi dute lehendik genekiena, gure industria zinematografikoa eta Los Angeles hauskaitzak direla. Ia mende batez, Oscarren bueltan elkartu gara munduko komunitate zinematografikoa batzeko eta ospatzeko", esan du Janet Yang Akademiako presidenteak izendapenen hasieran.

Emilia Perez hautagai izango da, halaber, zuzendari onenaren sarirako, muntaia onenarenarko, edo soinu banda onenaren sarirako; gainera, jatorrizko kantu onenaren sarirako bost hautagaietatik bi film horrenak dira. 

Izendapen gehien lortu dituzten filmen zerrenda itxi dute 'Conclave' drama eklesiastikoak (8 izendapen lortu ditu), Bob Dylan izar estatubatuarrari buruzok 'A complete unknown' film biografikoak (7) eta 'Anora' komediak (6).