Zinemaldia
Izendapena
Maialen Beloki, Zinemaldiko zuzendaritzan
2010ean hasi zen lanean Donostia Zinemaldian eta Kimuak programako film laburrak hautatzeko batzordean parte hartu du.
-
Maialen Beloki. Argazkia: Zinemaldia
Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeak beste kide bat izango du datorren urtetik aurrera: Maialen Beloki. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean eta Zinemagintzaren Teoria, Analisia eta Dokumentazioan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Maialen Beloki 2010ean hasi zen lanean Donostia Zinemaldian, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren arduradun gisa. Handik urtebetera, Zinemira eta Made in Spain sailetako koordinatzaile ere izan zen. Ondoren, 2012an, Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kide izatera igaro zen.
Maialen Beloki, horrez gain, Mondragón Unibertsitateko HUHEZI zentroan komunikazio-irakasle ere bada. Filmen analisirako "Pausa" aldizkari elektronikoan kolaboratu du, eta Euskadiko Filmategiak argitaratutako "Antxon Eceiza, cine, existencialismo y dialéctica" liburua idazten parte hartu zuen, Jesús Angulorekin, José Luis Rebordinosekin eta Antonio Santamarinarekin batera. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programako film laburrak hautatzeko batzordean ere parte hartu du. Programa horren helburua euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea da.
Maialen Beloki Zuzendaritza Batzordean hartuta, Donostia Zinemaldiak ikus-entzunezkoen sektoreko belaunaldi berriko profesionalen aldeko apustua egin du.