Itxi

Albisteak

Abenduak 8

Jendetza erakarriko du Durangoko Azokak asteburuan

L.Z.

Astebururako jende gehiago espero dute Azokan. Horregatik, larunbaterako zein iganderako hainbat ekintza antolatu dituzte.

  • Durangoko Azoka 2012. Argazkia: EITB

Durangoko Azokak hirugarren eguna beteko du larunbatean. Kultura ijitoari egin zion lekua Plateruena Kafe Antzokiak atzo, flamenkoa, bertsolaritza eta txalaparta uztartzen dituen Flamen-ko 3.0 ikuskizunaren bitartez. Besteak beste, Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariek parte hartu dute. Larunbatean, berriz, Betagarriren txanda da. Talde gasteiztarrak Zorion argiak disko berria aurkeztuko du.

Irudienak Ttanttaka, Koldarro eta Aldatzen antzerki taldeen emanaldiak hartuko ditu. Kabi@n teknologia askeei buruzko tailerra egingo dute, 10:30etik aurrera, Gorka Julioren eskutik. 16:00etan Tabu10 proiektua aurkeztuko dute. Guztira hamar pertsonek parte hartuko dute, eta hamar galdera, bost galdera eta bost hitz tabu botako dituzte.

Bestalde, Bertsolari filmeko 20 minutuko irudi argitaragabeak aurkeztuko dituzte Irudienean. Asier Altuna zuzendaria eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira han. Gainera, Barrura begiratzeko leihoak pelikula aurkeztuko dute. Film hau bost euskal presoren bizitzan oinarrituta dago.

Toti Martinez de Lezeak Mareas aurkeztuko du Landakoko areto nagusian, 11:30ean. Kirmen Uribek ere Musscheren aurkezpen ofiziala egingo du, 16:00etatik aurrera. Ordu bete geroago "Zergatik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri?" eztabaida saioa abiatuko da, Urtzi Urrutikoetxearekin, Karmelo Landarekin eta Goizalde Landabasorekin.

Karmele Jaio Ahotsenean ikusiko dugu. Bertan Ez naiz ni aurkeztuko du. Horrez gain, hainbat euskal taldek kantu berriak joko dituzte, egun osoan zehar: Gose (13:30), Seiren (14:30), Anger (15:30), Uk Bill (18:30), Enkore (19:30) eta Bronze (20:30), besteak beste.

Saguganbaran etxeko txikienei zuzendutako ekintzak egingo dituzte; baita, helduek eta haurrek elkarrekin jolasteko ekimenak ere. Hemen ere kultura ijitoa izango da protagonista, hainbat emakume ijito ipuinak kontatzen arituko baitira.