Itxi

Oscarrak 2024

Izar txikiak

Quvenzhane Wallis, hautagaitza lortu duen aktorerik gazteena

Erredakzioa

'Hego basatiko piztiak' filmean egin duen paperak historiako hautagai gazteena bilakatu du, baina zineman lanean hasi diren haurren bizitzari buruzko eztabaida berriz ere ireki du.

  • Quvenzhane Wallis, hautagaitza lortu duen aktorerik gazteena. Argazkia: EFE

    Quvenzhane Wallis, hautagaitza lortu duen aktorerik gazteena. Argazkia: EFE

Quvenzhane Wallisek Emakumezko Aktore Onenaren Oscar sariaren hautagaitza lortu du eta 9 urterekin golardoen historian hautagaitza lortu duen aktorerik gazteena bilakatu da. Oscarren 85. edizioko ustekabe handiena izan da Hego basatiko piztiak pelikula eta Akademiak Wallisen interpretazio bikaina goraipatu du, baina zineman lanean hasi diren haurren bizitzari buruzko eztabaida berriz ere ireki du.

Iaz, Espainiako Zinema Akademiak 16 urteko gutxieneko adina jarri zuen hautagai izateko, baina Hollywoden gauzek berdin jarraitzen dute eta Wallisek Tatum O'Nealen marka hautsi du.

Ryan O'Nealen alabak hamar urterekin irabazi zuen golardoa, 1973ko Paperezko Ilargia filmagatik. Ordutik aurrera gehiegikeriaz betetako bizitza bat hasi zuen eta horiekin Paper Life (Paperezko bizitza) izeneko liburu autobiografiko bat idatzi zuen. Argitalpen horretan, aktoreak aitak drogen eta sexuaren munduan sartu zuela, eta Melanie Griffith eta Jean Claude Van Damme aktoreekin eta Monakoko Alberto printzearekin izan zituen istorioak kontatu zituen.

Jackie Cooperrek Skippy pelikulagatik irabazi zuen Oscarra eta ibilbide profesional duina izan zuen. 60ko hamarkadan Superman sagan parte hartu zuen. Cooperrek autobiografia bat ere idatzi zuen. Mesedez! Nire txakurra ez tirokatu liburuaren izenburuak Skyppy pelikulan negar egiten agertu behar zuenean Norman Taurog osabak esaten zion mehatxuari erreferentzia egiten zion.

30eko hamarkada

Umeen eskubideak gutxi babesten ziren 30eko hamarkadan eta Hollywoodeko industriak etekin handiena ateratzen saiatzen zen. Garai hartako izarretako bat izan zen Shirley Temple eta 1935ean, sei urterekin, Oscar bat irabazi zuen.

"Sei urterekin Aita Noelen sinesteari utzi nion. Nire amak saltoki handi batzuetara eraman ninduen Aita Noel ikustera eta autografo bat eskatu zidan", kontatu zuen. Ez zuen zinema munduan arrakasta gehiagorik lortu eta Shirley Temple Black kontserbadore sutsua bilakatu zen. AEBetako enbaxadorea izan zen, Ghanan, eta Etxe Zuriko protokolo arduraduna ere izendatu zuten Temple.

Mary Badhamek Oscarretarako hautagaitza lortu zuen1962an, Urretxindor bat hiltzea pelikulan Atticus Finchen alabarena egiteagatik. Ondoren, arte zaharberritzailea bilakatu zen.

Gauza bera egin zuen Justin Henryk, zortzi urterekin Kramer vs. Kramer pelikularekin bigarren gizonezko onenaren Oscarraren hautagaitza lortu zuen umeak. Beste pelikularen bat egin ostean, ibilbide profesionala eten eta ikasketei berriro ekitea erabaki zuen. Urte batzuk beranduago, zinema independentearen hainbat proiektutan eta Lost telesailean ikusi dugu.

Haley Joel Osment hamaika urterekin ospetsu bilakatu zen, Seigarren zentzua filmean hildakoak ikusten zituen umearena egin zuenean eta Oscarretan Michael Caine eta Tom Cruisekin lehiatu zen.

Osmentek Pay It Forward eta A.I. Artificial Intelligence pelikuletan parte hartu zuen. Bizitza errealean, Los Angeleseko fiskaltzak mozkortuta gidatzea eta marihuana izatea leporatu zion.

Ibilbide arrakastatsuak

Aurkako norabidea hartu zuen Anna Paquinek. 11 urterekin irabazi zuen aktoreak Oscarra eta, ondoren, besteak beste, Hurlyburly film interesgarrian eta True Blood telesail arrakastatsuan lan egin du.

Jodie Foxterrek Taxi Driver pelikulan egindako lanari esker jaso zuen golardoa, 14 urte besterik ez zituenean prostituta baten papera egiteagatik. Horren ostean, Hollywoodeko aktorerik esanguratsuenetako bat bilakatu du eta beste bi Oscar irabazi ditu.