Oscarrak 2024
Aldaketak
‘Nazioarteko film onena’ sarituko dute Oscarretan, eta ez ‘atzerrikoa’
Agentziak | Erredakzioa
Hollywoodeko Akademiak iragarri duenez, ez du eragozpenik jarriko Netflixen eta gisa bereko plataformen pelikulak saritzeko, betiere lehenago edo aldi berean zineman estreinatu badira.
-
2020ko Oscarretan abiatuko dituzte aldaketa hauek
Hollywoodeko Akademiak iragarri duenez, atzerriko film onenaren sariak “nazioarteko film onena” izendapenarekin aipatuko dute aurrerantzean. Horrez gain, datorren urtetik aurrera hamar film aukeratuko dituzte sail horretan, finalaurrekoetarako, eta ez, orain arte bezala, bederatzi.
“Konturatu gara ‘atzerriko’ erreferentzia hori zaharkituta dagoela zinemaren komunitate globalean”, esan dute nazioarteko film onenaren batzordeko presidentekideek, Larry Karaszewskik eta Diane Weyermannek, ohar batean.
Izena aldatu arren, sail honetako arauak ez dituzte aldatuko. “Nazioarteko pelikula bat AEBetatik kanpo ekoitzitako film luzea da, elkarrizketak batik bat ingelesa ez den hizkuntza batean dituena. Animaziozko filmak eta dokumentalak onartuko ditugu, eta sail ofizialean herrialde bakoitzeko bat onartuko dugu gehienez”, Akademiak zehaztu duenez.
“Roma” Alfonso Cuaron mexikarraren filmak eraman zuen saria 2018an.
Halaber, Akademiak bost izendatu aukeratuko ditu makillaje eta ile-apainketa onenaren sarirako, orain arte hiru hautatzen izan baditu ere.
Bestalde, erakundeak ez ditu aldatuko film bat Oscarretarako aintzat hartzeko betebeharrak, eta ez die, hortaz, mugarik jarriko Netflixen eta streaming bidezko gainerako plataformen lanei, betiere pantaila handian ikusteko modurik ere badago.
Arauek diotenez, pelikulak zazpi egunez proiektatu beharko dituzte Los Angeleseko (AEB) eskualdeko zinemetan, gutxienez ordainpeko hiru emanalditan egunero, eta filmok zinemako estreinaldiaren egun berean edo geroago estreinatu ahal izango dira plataforma digitaletan, inoiz ez lehenago.