Itxi

Oscarrak 2024

Sariak

David Lynchek, Lina Wertmullerrek eta Wes Studik jasoko dituzte Ohorezko Oscarrak

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, Geena Davisi Jean Hersholt saria emango diote, egindako lan humanitarioagatik.

  • Oscarrak

    2020ko otsailaren 9an emango dituzte Oscarrak

David Lynch eta Lina Wertmuller zinemagileek eta Wes Studi aktoreak jasoko dituzte Hollywoodeko Akademiaren Ohorezko Oscarrak sarien hurrengo edizioan, John Bailey Zinema Arte eta Zientzien Akademiako presidenteak iragarri duenez. Gainera, Geena Davisek Jean Hersholt saria jasoko du, egindako lan humanitarioagatik.

Lynchek (73 urte), besteak beste, Blue Velvet, Lost Highway, Mulholland Dirve eta Twin Peaks telesaila zuzendu ditu, baina Akademiaren lehen Oscarra izango du ohorezko hau. Lau aldiz egon da izendatuta zuzendari, gidoilari, aktore eta ekoizlea; hiru aldiz, zuzendari lanagatik Elephant Man, Blue Velvet eta Mulholland Drive filmengatik, eta gidoigile onenarentzako sarirako ere izendatu zuten azken horretan egindako lanari esker.

Lina Wertmuller italiar zinemagilea izan zen zuzendari onenaren Oscar sarirako izendatu zuten lehen emakumea, 1977an, Pasqualino Settebellezze filmagatik, eta gidoi onenaren sarirako ere izendatu zuten film horretan egindako lanagatik.

Halaber, Wes Studi jatorri txerokiko aktorea oso ezaguna izan zen 1990eko hamarkadan, besteak beste, Otsoekin dantzan, Azken mohikanoa eta Heat filmetan egin zuen lanagatik.

Geena Davisek, bestalde, Jean Hersholt saria jasoko du, Akademiak lan humanitario nabarmena egin duten zinemako langileei ematen dien aintzatespena. Aktoreak badu Oscar bat, bigarren mailako emakumezko aktore onenarena, The accidental tourist filmean egin zuen lanagatik, eta emakumezko aktore nagusi sailean ere izendatu zuten, Thelma & Louis pelikula mitikoagatik.