Zinema
Estreinaldiak
Bin Laden atzemateko operazioa eta J. Phoenixen itzulera, zineman
Kirsten Dunst 'Despedida de soltera' lanarekin dator, eta Jessica Bielek semea galduko du 'El hombre de las sombras' pelikulan.
2013ko lehen asteburuko zinema-estreinaldietan, "La noche más oscura" da buru, AEBetako historia garaikideko operazio garrantzitsuenaren kontakizuna; Bin Laden bilatzeko eta atzemateko lanak kontatzen ditu. Gainera, Joaquin Phoenix bueltan da, eta Kirsten Dunstek komedia berri bat dakarkigu.
"La noche más oscura"k 10 urteko operazioak biltzen ditu, bi orduko kontakizunean. Osama Bin Laden, historiako gizon bilatuenetariko bat, atzemateko egin zuten operazioa aireratuko dute, orain arte jakinarazi ez diren hainbat sekretu ere kontatuta. 2011ko maiatzaren 2an, Al Kaidako liderra hil zuten, Abottabbaden (Pakistan). Jatorrizko izenburua, "Zero dark thirty" (hitzez hitz, "Zero ilun 30"), militarren hizkeratik hartu dute, eta AEBetako marinako operazio berezietako soldaduak Bin Ladenen etxean sartu zireneko ordua adierazten du.
Paul Thomas Andersonek ("Pozos de ambicion") "The Master" zuzendu du, noraezean dagoen gizon baten istorioa; azkenik, karisma handiko lider baten doktrinan nahasita ikusiko du bere burua. Joaquin Phoenix aktorea pantaila handira itzuli da lan honekin, "I'm still here" (2010) dokumental faltsuan parte hartu ostean.
Spidermanen neska lagun gozoa izatetik lagun-talde zoro baten buru izatera igaro da Kirsten Dunst "Despedida de soltera" pelikulan. Ez da ohiko lana: emaztegaiaren bizitza kontatzen du, ezkontzara arte, jaia barne. Leslye Headlandek zuzendu du.
Senideen arteko bileren sasoi honetan, "Asi somos" estreinatuko dute, Alex Kurtzmanek zuzendutako drama. Chris Pine ("Star Trek XI") Sam da, hildako aitari azken agurra ematera etxera itzuli den semea: aitaren ametsa, familia batzea, bete nahi du. Horrela, arreba bat (Elizabeth Banks) duela jakin du, eta pertsonen arteko erlazioak ulertzeko modua aldatu dio horrek.
Jessica Biel da "El hombre de las sombras" pelikulako protagonista. Biolentzia eta misterio dosi handiak dituen pelikula Pascal Laugierrek zuzendu du. Herrian pertsonaia maltzur bat ume galduen bila ari den bitartean, Bielen semea desagertu egingo da: haren bila arituko da, baina erantzunik gabeko hainbat kontu azalduko dira, eta Bielen herrikideen beldurrak ez dio bilaketa erraz ipiniko.
"Mundos lejanos" pelikulan, Cirque du Soleilen ikuskizuna pantaila handira heldu da, ikuspuntu berritzaile bat emateko.