Itxi

Zinema

Estreinaldiak

Michael Hanekeren 'Amor', zinema-aretoetan

Tom Cruisek akziozko zinema dakar 'Jack Reacher' pelikularekin eta Penelope Cruzek 'Volver a nacer' aurkezten du, pasaden Zinemaldian ikusi genuen lana.

1:23

Michael Haneke zinema-zuzendari austriarraren "Amor" lana zinema-aretoetara heldu da aste honetan. Gainera, Tom Cruisek "Jack Reacher" aurkezten du eta Penelope Cruzen "Volver a nacer" ere ikusgai izango da. Jose Sacristanen pelikula berria ere ikusgai da, "El muerto y ser feliz".

Urteko pelikulari onena izendatu dute Maltan eta Canneseko zinemaldian Urrezko Palma eman zioten Michael Hanakeren "Amor" pelikulari. Georges eta Anne laurogei urtetik gorako senar-emazteak dira (Jean-Louis Trintignant eta Emmanuelle Riva aktoreen lanarekin), musika irakasle ohiak eta bizitzaz gozatzen dute Parisen. Egoera ezinhobea bizi dute, emakumeak paralisi bat duenera arte. Austriako zinemagilearen esperientzia pertsonalean oinarritutako pelikula da, amodiozko istorio mingarri bat.

Tom Cruise akziozko zinemara bueltatzen da "Jack Reacher" pelikularekin. Aktore estatubatuarrak Christopher McQuarrierekin lan egiten duen bigarren aldia da, "Valkiria" pelikulan elkarrekin izan ostean. Rosamund Pike, Bond neska ohia, protagonista da Tom Cruiserekin batera eta Lee Childen "Un disparo" eleberrian oinarritzen da. Hainbat pertsona hiltzearen salaketa jasotzen du Cruisek.

Penelope Cruz zinema-aretoetara itzuli da "Volver a nacer" lanarekin, Oscar saria ("Vicky Cristina Barcelona") jaso ostean. Sergio Castellito italiarrak zuzentzen du Madrilgo aktorea: ezkondu gabeko ama baten papera egiten du Cruzek eta seme nerabea Sarajevora laguntzen du, bertan jaio baitzen bere aita, Bosniako gerran hil zena (1992-1995). Donostiako Zinemaldian izan zen pelikula hau eta MArgaret Mazzantiniren izen bereko eleberrian oinarritzen da. Besteak beste, Emile Hirsch, Mira Furlan eta Jane Birkin dira lan egiten duten beste aktoreak.

Javier Rebolloren hirugarren lana da "El muerto y ser feliz": Jose Sacristan Santos da "road movie" honetan, minbizia duen hiltzaile bat. Erikarekin (Roxana Blanco) bat egiten du, Argentinan zehar 5.000 kilometro bidaiatzeko. Goya sarietara hautagai da Sacristan paper honengatik eta Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Donostiako Zinemaldian. 

Kevin James aktoreak hainbat lan egin behar dituen irakasle baten papera hartzen du "Peso pesado" lanean. Frank Corazik zuzentzen du komedia hau eta arrakasta duen borrokalari batean bihurtzen saiatzen da, musika eskolak mantentzeko. Salma Hayekek, Henry Winklerek eta Joe Roganek parte hartzen dute, besteak beste.