Itxi

Zinema

Sariak

'Les Misérables' eta 'Argo' irabazle, Urrezko Globoetan

'Lincoln' filmak zeuzkan hautagaitza gehien, baina ia esku-hutsik joan da ekitalditik. 'Homeland'ek eskuratu du telesail onenaren saria.

1:52

"Les Misérables" musikala eta "Argo" "thrillerra" izan dira Urrezko Globoetako 70. edizioaren irabazle nagusiak, Los Angelesen izan den ekitaldian. "Lincoln" filmak zituen hautagaitza gehien, eta ia esku-hutsik alde egin du ekitalditik.

"Les Misérables" Victor Hugoren lan ezagunaren zinemarako moldaketak hiru Urrezko Globo eskuratu ditu –hiru hautagaitza zituen–, tartean urteko komedia edo musikal onenaren saria. Hugh Jackmanek komedia edo musikaleko urteko aktore onenaren saria eskuratu du lan horretan egindako paperagatik, eta Anne Hathawayk emakumezko aktore onenaren saria jaso du.

Gaueko ezustea "Argo" pelikulak eman du, bi aldiz, dramazko pelikula onenaren eta zuzendari onenaren sariak, bi goraipamen garrantzitsuenak, eskuratuta. Steven Spielberg ("Lincoln") eta Kathryn Bigelow ("La noche más oscura") ziren faborito, baina Ben Affleckek eraman ditu. "Munduko pertsonarik zoriontsuena naizela uste dut", esan du zuzendari eta aktoreak ekitaldia amaitu ostean; izan ere, duela lau egun ez zuten sari horietarako hautatu, Oscarretan.

"Django Unchained" Quentin Tarantinoren azken lanak ere bi Urrezko Globo eskuratu ditu, tartean gidoi onenaren saria. "Ez nuen espero, ezusteko handia da", esan du Tarantinok.

"Skyfall" James Bonden azken pelikulak abesti onenaren saria eskuratu du, Adeleri esker. "Brave" izan da animaziozko pelikula onena, eta "Amor" Michael Hanekeren filmak jaso du atzerriko lan onenaren saria.