Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Lincoln' eta 'Django desencadenado', Oscar ukituko estreinaldiak

Oscar sarietarako lan faboritoetako bi zinema-aretoetara helduko dira, Hollywoodeko bi zuzendari garrantzitsuren eskutik: Steven Spielberg eta Quentin Tarantino.

1:26

Oscar sarietako 85. edizioko hautagaitzak oraindik ezagutu berri, film faboritoetako bi zinema-aretoetara helduko dira asteon, Hollywoodeko zuzendari garrantzitsu biren eskutik: Steven Spielbergek "Lincoln" aurkeztuko du, eta Quentin Tarantinok "Django desencadenado".

Pelikula onenaren oscarra, zuzendari onenarena, aktore onenarena eta beste bederatzi sari jasotzeko hautagai izendatu dute "Lincoln", Steven Spielbergek Estatu Batuetako hamaseigarren presidenteari egindako erretratua. Urrezko Globo bat eskuratu du jada, eta Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak hainbat sari eman dizkio. Daniel Day-Lewis aktoreak izan du figura historiko garrantzitsu hori gorpuzteko ardura, eta, besteak beste, Sally Field eta David Strathairn ditu protagonista.

Quentin Tarantinoren azken ekoizpenak Oscar sarietarako bost izendapen lortu ditu western itxurako "Django desencadenado" lanarekin. Jamie Foxx du protagonista: esklabo txiro bat da, eta, sari-ehiztari alemaniar baten agindupean (Christoph Waltz), iheslarien bila abiatuko da eta gupidarik gabe harrapatuko ditu.

Espainiako animazio digitaleko enpresen azken pelikula ere iritsi da zinema-aretoetara: "El corazón del dragón". Sevillan, Europako Jaialdiaren azken edizioan, Giraldillo Junior saria eskuratu zuen, eta Ricardo Ramonek eta Angel Izquierdok zuzendu dute.

Giacomo Campiotti zuzendari italiarrak Giuseppe Moscati doktorea, XX. mende hasierako Napoliko pertsonaia maitatuenetariko bat, omendu du. "Moscati: El médico de los pobres" lanak fikziozko film onenaren Gala saria eta Urrezko Archi saria lortu ditu.

Korean iaz irabazi gehien eskuratu zituen "Nameless gangster" filmak Yoon Jong-bin zuzendaria eta Ha Jung-woo aktorea berriz elkartu ditu, 80ko hamarkadan Korean izan zen mafiari buruzko lanean. 90eko hamarkadako gainbehera ere azaltzen du, Gobernuak drogen trafikoaren aurkako gerra ireki ostekoa.