Zinema
Jaialdia
Zinegoak jaialdiak distira izango du 10. urteurrenean
Urtarrilaren 31an hasiko da eta 'Parada' estreinatuko dute, Berlinalen saritutako pelikula bat. 'Morritson eta Gartzia' euskaraz egindako lehen euskal filma ere ikusgai izango da.
Zinegoak, Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia 10. urteurrenera iritsi da. Aurtengo edizioa, beraz, berezia izango da. Urtarrilaren 31n hasi eta otsailaren 10era bitarte, nazioarteko zine jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu duten filmak izango dira ikusgai, zazpi areto ezberdinetan.
Areto bakarrean lau eguneko jaialdia antolatzen hasi eta orain, zazpi areto ezberdinetan 11 egunekoa antolatzera pasa dira. Guztira, 85 film luze eta labur eta arte eszenikoekin lotura duten sei ikuskizun eskainiko dira Zinegoak jaialdiaren baitan, Bea Majuelo, Hegoak elkarteko komunikazio arduradunak azaldu duenez.
Aurten nazioarteko ikusentzunezkoez gain, zortzi euskal ekoizpen ere aurkeztu dira jaialdira, inoiz baino gehiago.
Ohikoa denez, jaialdiaren baitan sekzio ezberdinak antolatu dira. Zorionak zinegoa, Muestra marrana, Bilgune eta El Show del Txistu izenekoak. Aurtengo ohorezko Zinegoa saria GAEL MOREL zinegile frantziarrak jasoko du, Arriaga Antzokian, urtarrilaren 31n ospatuko den jaialdiaren hasiera ekitaldian. Itxiera ekitaldia berriz, otsailaren 9an izango da, BBK aretoan. Bertan palmaresa irakurri eta sariak banatuko dira. Aurtengo epaimahaia Ramon Barea, Lucia Egaña eta MARTA Andreuk osatuko dute.