Zinema
Jaialdia
Abesti itxura hartuko du Punto de Vista jaialdiaren hasierak
Igandera arte egingo dute zinema dokumentalaren jaialdia, Iruñean, eta Eduardo Coutinhoren 'As cançoes' filmarekin emango diote hasiera.
-
Punto de Vista jaialdiko 2011ko edizioa. Argazkia: EFE
Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdiaren zortzigarren edizioa dugu igandera arte Iruñean. Jaialdiaren itxura berreskuratu du aurten Punto de Vistak, joan den urtean nazioarteko seminario modukoa izan baitzen. Inaugurazioko saioa arratsaldeko 20:00etan izanen da Carlos Hirugarrenaren zinetokian, Eduardo Coutinho brasildarraren "As cançoes" filmarekin.
"As cançoes" itxuraz xumea den filma dugu. Kameraren aurrean 18 gizon emakumeek kantatzen dituzte beren bizitzetan garrantzi handia izan zuten kantak, "Bihotzeko kontuak", hausdura sentimentalak, birtopaketak, traizioak, heriotzak, amaiera zoriontsuak.
Zertarako balio du musikak galdetzen dio Coutinho dokumentalistak "As Cançoes"en pertsonaietako bat den Queimadori, eta honek erantzuten du: "Usaiak izaten dira baina ez zaude beti usaintzen, kantak berriz, entzun edota kantatu eta seguru zerbait gogoratzen duzula".
"As cançoes" Eduardo Coutinho, azken hiru hamarkadetan dokumentalista brasildarren artean handienetakoa eta Punto de Vista jaialdiak aurten nolabait omendu nahi duena.
Bi urtean behin egitea erabaki zuten murrizketak direla eta, eta iaz mintegi forma eman zioten. Punto de Vista Nafarroako zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdia bueltan da 2013an, galdutako statusa berreskuratzeko.
Iaz geldialdia egin zuten murrizketengatik, baina Punto de Vista Nafarroako zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdia bueltan da 2013an. Otsailaren 24ra bitartean egingo dute eta 10 herrialdeko 17 pelikula izango dira ikusgai zortzigarren edizioan, Josetxo Cerdan jaialdiko zuzendari artistikoak esan duenez. Ilusio handia omen du jaialdiaren bueltarekin.
Espainiako ekoizpenen alde egin du aurten Punto de Vista jaialdiak. Hainbat sail izango dira Espainiako zinema berritzaileenaz gozatzeko, baina nazioarteko panorama dokumentalaren izen garrantzitsuak ere izango dira, Jem Cohen, Laila Pakal-nina edota Kevin Jerome Everson, besteak beste.
Hainbat zinemagile nafarrek ere parte hartuko dute edizio honetan. Horrexegatik, "Procesos" izeneko sail berria jarri dute martxan, bertako zinemagileek martxan duten dokumental edo ez-fikziozko ikusentzunezko lanak proiekta ditzaten. "La Región central" sail klasikoa ere izango da aurten (nazioarteko abangoardia dokumentalari eskainia) eta "Heterodocsias" (ekoizpen esperimentalei eskainitako saila) ere. Saide Carlos II eta Civivox Condestable aretoetan izango da ikusgai Punto de Vista jaialdia.