Zinema
Estreinaldiak
Gazteentzako film zoroak, zinema-aretoetan
Film hauek estreinatu dituzte: "Memorias de un zombie adolescente", "On the road", eta autore-zinema "Un lugar donde refugiarse" lanarekin heldu da.
Asteko estreinaldiek zonbi sentibera baten istorioa dakarkigute "Memorias de un zombie adolescente" lanarekin, ondo pasatzeko irrikan dagoen hirukote bat "On the road" pelikulan eta erromantizismo kutsuko "Un lugar donde refugiarse".
Dirudienez, banpiroek ere sentimenduak dituzte. "Memorias de un zombie adolescente" pelikulan hori frogatzen saiatu dira, eta Jonathan Levinen zintak albo batera uzten du izaki horien alderdi odoltsu eta bortitza. AEBetako film ikusienen zerrendan lehen postura heldu da. Nicholas Hoult aktoreak R-ren papera hartu du, eta arazo existentzialak dituen gazte bat da. Gazte bat ezagutu du, Teresa Palmer, eta, hil ostean, ahaztuta zituen hainbat sentimendu berreskuratu ditu, amodioa tartean.
Sam Riley, Garrett Hedlund, Kristen Stewart, Tom Sturridge, Viggo Mortensen eta Kirsten Dunst aktoreek parte hartzen dute "On the Road" Walter Salles zuzendari brasildarraren pelikula berrian. Jack Kerouacen eleberrian oinarrituta, AEBetako beat belaunaldiaren jaiotzan kokatu du lana, gizarte tradizionalarekin apurtu eta gehiegikeriaz, drogaz eta sexuz betetako testuinguru batera salto eginez.
Krisialdi bati aurre egiteko, edozein neurri da onargarria? Eta ingurugiroan ondorioak utziko baditu? "Tierra prometida" lanak dilema horri eutsi dio. Matt Damon du protagonista, eta Gus Van Santek zuzendu du.
Lasse Hallströmek, "Querido John" filmeko zuzendariak, Nicholas Sparksen eleberrian oinarritutako pelikula aurkeztu du: "Un lugar donde refugiarse". "El diario de Noa" pelikularen egilea da zuzendaria, eta bikote protagonista Josh Duhamelek eta Juluianne Houghek osatu dute.
"La caza" (Thomas Vinterberg zuzendari danimarkarra da egilea) pelikulan, pederastia eta errugabetasun-presuntzioa dira oinarri. Mads Mikkelsen aktorea du protagonista, Canneseko 2012ko edizioko gizonezko aktore onenaren sariaren irabazlea.
Espainia jada ez da bizitza hobea nahi dutenen helmuga. "La venta del paraiso" lanean errealitate hori azaltzen da, Emilio Ruiz Barrachinaren izen bereko eleberrian oinarrituta.
Valérie Massadian argazkilari frantziarraren lehen lana da "Nana": lau urteko ume baten unibertsoan sartu da. Ezerezean bizi da, baso baten erdian dagoen harrizko etxe batean, bere amaren desagerpen misteriotsuaren ostean.
"El payaso" Oscar sarietako azken edizioan Brasil ordezkatu zuen lana da, Selton Mello aktore eta zinemagileak zuzendu du, eta protagonista ere bada. Zirku ibiltari batean aritzen den pailazo bat da Benjamin, eta monotoniak eta pobreziak gainezka egin diote. Negozioa utzi, eta aitarengana (Paulo Jose da aktorea) joan da.
"Serie B" pelikulak egoera surrealistak eta bortitzak eskaintzen ditu, aurrekontu baxu eta aktore ezezagunekin, zinema mota horren mugak aztertzeko. Richard Voguek 2011n idatzi zuen, eta berak zuzendu du. Espainiako zinema-aretoetara heldu da: Manolo Zarzo, Roger Pera eta Sonia Monroy ditu, besteak beste, protagonista.
Shoellerrek idatzi eta zuzendu du "El ejercicio del poder" lana. Olivier Gourmet aktore ezagunak Frantziako Garraio ministroaren papera hartu du, eta pelikulak bere pausoei begiratzen die. Bere bizimodua goitik behera aldatu da, ikaslez betetako autobus bat amildegi batetik behera erori baita.
Monica Bellucci da "Un verano ardiente" pelikulako protagonista nagusia. Frantziako, Italiako eta Suediako ekoizpena da, eta Philippe Garrelek zuzendu du. Misterio, amodio eta pasio dosiak ditu, eta Louis Garrel, Celine Sallette eta Maurice Garrel dira protagonistak.
Nacho Duato da "Nacho Duato: Danse la sanse" Alain Deymierren dokumentalaren protagonista nagusia. Espainiako Dantza Konpainiaren zuzendari izan da bi urtez, eta koreografo ezaguna da nazioartean. Alemanian eta AEBetan saritu dute pelikula, eta diziplina artistikoen eta dantzaren inguruko pelikula onena izendatu dute.