Itxi

Zinema

Estreinaldiak

Calparsoro abiadura bizian dator pantaila handira

'Combustión' aurkezten du, baina beste estreinaldi batzuk ere badira: Iron Manen hirugarren pelikula eta Isabel Coixeten 'Ayer no termina nunca'.

1:26

Isabel Coixeten pertsonaien zauri irekiak eta "Combustión" laneko hiruko amodioa (Daniel Calparsororen auto-lasterketen pelikula), horiek asteko estreinaldi garrantzitsuenak. Halere, beste aukera asko dago: thriller politiko bat, Iron Manen abentura berriak, Italiako drama bat eta Europako bi komedia.

Autoek, abiadurak eta adrenalinak bat egiten dute Alex Gonzalez, Adriana Ugarte eta Alberto Ammannen lanean: Daniel Calparsorok "Combustión" aurkeztuko digu, Malagako zinemaldian estreinatu ostean. Ari seduktoreak (Adriana Ugarte) Mikel (Alex Gonzalez) liluratuko du, azken hori Juliarekin (Maria Castro), bitxi-denda garrantzitsu bateko jabearekin, ezkontzekotan dagoen arren. Navas (Alberto Ammann) Ariren benetako mutil-lagunaren iruzur bat dela konturatuko dira.

Javier Camara eta Candela Peña iraganera bueltatu dira Isabel Coixeten azken lanean. Azkenaldiz elkar ikusi zutenetik bost urte igaro dira, baina beraien artean zauriak itxi gabe daudela konturatuko dira. Malagako zinemaldian aurkeztu zuten "Ayer no termina nunca", eta aspaldi elkar ikusi ez duten maitale ohi bik elkarrekin topo egin eta gero duten harremana azaltzen du.

Belgikatik, Bertrand Saint-Jeanen (Olivier Gourmet) arazoak helduko zaizkigu. Garraio ministroa da, eta, gauean, krisi bati aurre egin behar dio: autobus bat sakan batetik erori da. Pierre Schoellerrek zuzendu du "El ejercicio del poder", eta botere borrokak eta estatu gizonek egin behar dituzten sakrifizioen inguruan ari da.

Robert Downey Jr., Don Cheadle eta Gwyneth Paltrow Iron Manen abentura berri batean sartu dira ("Iron Man 3"). Marvel etxeko superheroiak mugarik ez duen aurkari bat izango du aurrean: Mandarin gaiztoa (Ben Kingsley).

Daniele Luchettik erretratu sozial xalo bat egin du "La nostra vita" pelikulan, Italian gizartean izan diren aldaketak familia baten bitartez azalduta. Claudio du protagonista. Erromako auzo batean lan egiten duen igeltsero bat da, eta oso maite du emaztea, baina horren bizitza lasaia drama bihurtuko da hirugarren semea jaio ondoren.

Ole Christian Madsenek "Noche de vino y copas" zuzendu du, ardo kopen eta hegazkinen artean gertatzen den komedia erromantikoa. Christian (Anders W. Berthelsen) porrot egiteko puntuan dagoen ardo-denda baten jabea da, eta emazteak aspaldi utzi zuen.

Futbol izar ohi batek Bretainiako talde bat entrenatzen amaituko du "Un gran equipo" lanean. Langabezia gero eta handiagoa da, eta, soilik hiru partida irabaziz, herrian dagoen kontserba-fabrika salbatzea lortuko dute.