Zinema
Film berriak
Danny Boyleren 'Trance', aste honetako estreinaldien artean
Erredakzioa
'Slumdog millonaire' filmaren zuzendaria lan berriarekin itzuli da, eta, aste honetan, Alejandro Marzoaren 'Somos gente honrada' eta Juan Carlos Medinaren 'Insensibles' pelikulekin lehiatuko da.
Trance Danny Boyle zuzendariaren (Trainspotting eta Slumdog Millonaire) lan berria da. Aste honetan, Boylek, bi zuzendari espainiarren lehen lanekin lehiatuko da zinema aretoetan: Alejandro Marzoaren Somos gente honrada eta Juan Carlos Medinaren Insensibles.
Trance
Pelikulak koadro bat lapurtu eta non galdu duen gogoratzen ez duen Simon izeneko gizon baten istorioa kontatzen du. Mehatxuek eta torturek ez dute Simonek koadroa utzi duen lekua gogoratzea eragingo, eta hipnoterapeuta batengana jo beharko du lapurtutakoa topatzeko.
Danny Boyleren zuzendaritzapean, James McAvoy, Vincent Cassel eta Rosario Dawson aktoreak ikus daitezke bertan.
Somos gente honrada
Lanik eta dirurik gabe gelditu diren bi aitak, Susok eta Manuelek, kokaina aurkituko dute arrantzan ari diren arratsalde batean. Istorioaren protagonistek kokaina saltzea erabakiko dute, baina nola egin?
Alejandro Marzoaren lehen lan honetan Paco Tous, Miguel de Lira, Unax Ugalde eta Manuela Velles aktoreak aritu dira.
Insensibles
Juan Carlos Medina zuzendari berriaren lehen filmean, besteak beste, Juan Diego, Alex Brendemühl eta Tomas Lemarquis ikus daitezke.
Pelikulak Diegoren istorioa kontatzen du. Protagonistak (mediku bat) gurasoei laguntza eskatuko die istripu bat izan eta gero, eta Gerra Zibilean gertatutako istorioa misteriotsu baten berri izango du horrela.
Un invierno en la playa
Eleberri idazle dibortziatu bat emaztearekin berriro batzen saiatuko da, eta, bitartean, seme-alabak euren lehen eleberriak idazten eta amodio istorioak bizitzen hasiko dira. Amaierak hasiera bihur daitezkeela azaltzen dituzten hainbat ustekabe izango ditu familiak.
Josh Boonek zuzendu du, eta Greg Kinnear, Jennifer Connelly, Kristen Bell, Lily Collins, Logan Lerman eta Nat Wolf aktoreek parte hartu dute bertan.
Menú degustación
Marcek eta Raquelek munduko jatetxe onenetako batean erreserba egin zuten duela urtebete, eta, egun bananduta egon arren, ez diote bertara joateko aukerari uko egin nahiko.
Jan Cornet, Claudia Bassols, Marta Torne, Andrea Ros eta Santi Millan aktoreek egin dute lan Roger Gualen film horretan.
Gigantes
Manuel J. Garciak zuzendutako animaziozko pelikula da. Lagunek lagunduta, erraldoi zintzo eta ausart bat Garxoli printze gaiztoari lurraldea kentzen saiatuko da bere erregeari laguntzeko.
Lo que nadie sabe
Pelikulak Tomasen istorioa kontatzen du. Protagonistak arrebaren heriotza ikertzea erabakiko du, eta haren heriotzaren atzean Danimarkako inteligentzia zerbitzuak daudela jakingo du horrela.
Søren Kragh-Jacobsenek zuzendutako lan horretan, Anders W. Berthelsen eta Maria Bonnevie aktoreak aritu dira lanean.