Zinema
Estreinaldiak
'Elysium' eta 'Aviones', zubia zinema-aretoetan igarotzeko planak
Gainera, besteak beste, "Paraíso: Amor", "Exorcismo en Georgia" eta "Una casa en Córcega" filmak estreinatuko dituzte.
-
'Aviones'
Hainbat film interesgarri heldu dira zinema-aretoetara, asteburura begira: "Elysium", Matt Damon eta Jodie Foster protagonista dituen superekoizpen futurista, eta "Paraíso: Amor" austriarra. Pixarren "Aviones", "Exorcismo en Georgia" eta "Una casa en Córcega" filmen estreinaldiak asteazkenera aurreratu dituzte, hilaren 15eko jaieguna dela eta.
Neill Blomkamp zuzendariaren ("Distrito 9" lanaren egilea) pelikula berria da "Elysium": 2154. urtean kokatu du. Boteretsuak eroso bizi dira Elysium espazio-ontzian, gainerako gizakiak Lurrean bizirauteko borrokan dauden bitartean. Matt Damon eta Jodie Foster dira filmaren protagonistak, eta bigarren mailako aktore ezagun asko daude tartean: Sharlto Copley, Alice Braga eta Diego Luna mexikarra, besteak beste.
Ulrich Seidl zuzendari austriarrak "Paraíso" trilogiaren lehen atala estreinatuko du. Gizakiaren amildegi ilunenetan miatu du, zehaztasun handiarekin. Lehen atal honetan, emakume bat Kenyara joango da turismo sexualaren aitzakiarekin. "Amor" izeneko atal hau "Fe" eta "Esperanza" izeneko beste birekin osatuko dute. Horiek ere abuztuan zehar estreinatuko dituzte Espainian.
"Aviones", "Cars" lanaren munduan kokatutako filma, da Disney etxearen lan berriena. Asteazkenean estreinatu zuten film honek Klay Hall du zuzendari, "El rey de la colina" telesailaren eta "Campanilla y el tesoro perdido" animaziozko filmaren egilea.
Beldurrezko film bat ere estreinatu dute aste honetan: "Exorcismo en Georgia". "Exorcismo en Connecticut" lanaren hurrengoa da, eta Georgian kokatu dute. Istorio independentea da, baina benetan gertatutako ekintzetan oinarrituta dago.
Pierre Duculot zuzendariak pantaila handirako egin duen lehen pelikula "Una casa en Córcega" da, eta bi urte itxaron behar izan du gure artean estreinatzeko. Baserri giroan girotutako tragedia familiarra da, eta Christelle Cornil eta Francois Vincentelli ditu aktore nagusi.