Itxi

Zinema

Pelikula

James Brownen bizitza zinemara eramango dute

Chadwick Boseman aktoreak gorpuztuko du "soularen aitabitxia", "42" pelikulan Jackie Robinson baseball jokalariaren lanak egin zituenak, hain zuzen ere.

Universal Studios eta Imagine Entertainment konpainiek baieztatu egin dute James Brown musikariaren bizitzari buruzko pelikula egingo dutela. Chadwick Bosemanek gorpuztuko du Brown, "42" filmean Jackie Robinson baseball jokalariarena eginda ospe handia lortu zuen aktoreak.

Variety aldizkariak jakinarazi duenez, Tate Taylorrek zuzenduko du "soularen aitabitxia" ezizenaz ezagutzen denari buruzko zinta. "The Help" lana egin zuen, eta Oscar sarietako hautagai izan zen. Brian Grazer, Erica Huggins, Victoria Pearman eta Mick Jagger (The Rolling Stones taldeko liderra) daude ekoizleen artean, eta Jez eta John Henry Butterworth dira gidoiaren egileak.

Artista ezagunaren bizitza azalduko dute: Georgian pobrezian jaio zenetik R&B estiloaren artista ezagun eta garrantzitsuenetariko bat izateraino. "Please, Please, Please", "I Got You (I Feel Good)" eta "Papa's Got a Brand New Bag" izan ziren bere arrakasta handienak.

2006an hil zen Brown, 73 urte zituela. 1953an hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta 50 disko grabatu eta 500 milioi ale saldu zituen. 1960. eta 1977. urteen artean argitaratu zituen disko guztiak, eta urte horietan guztietan 100 salduenen artean izan ziren. Pelikulan, James Brownen bizitzaren hainbat alderdi erakutsiko dituzte; tratu txarrak, drogekin eta alkoholarekin izan zituen arazoak, eta justiziarekin izan zituenak, tartean.