Itxi

Zinema

Urriak 26 - azaroak 1

Edgar Wrighten film berriak irekiko du Donostiako Beldurrezko Astea

Erredakzioa

Aurtengo edizioan, besteak beste, Marina de Van eta Noboru Iguchi zuzendari ospetsuek parte hartuko dute.

  • 'Bienvenidos al fin del mundo' filmaren irudia. Argazkia: Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astea

    'Bienvenidos al fin del mundo' filmaren irudia. Argazkia: Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astea

Bienvenidos al fin del mundo Edgar Wright zuzendari britainiarraren azken pelikulak irekiko du, urriaren 26an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIV. Astea. Aurten, gainera, Nacho Vigalondok ere parte hartuko du, eta Santiago Alvaradok Capa caida bere lehen lana aurkeztuko du.

Horrez gain, beldurrezko zineman ospe handia duten Marina de Van (Frantzia) eta Noboru Iguchi (Japonia) zuzendariek ere Donostiako ekimenean parte hartuko dute. Renaud Gauthierrek Discopath film kanadarra eta Anthony Leonardi III.ak Nothing Left to Fear estatubatuarra estreinatuko dituzte bertan.

XXIV. Asteak film luzeen sailean lehiatuko diren pelikulen berri eman du astearte honetan, eta horien artean da V/H/S lanaren bigarren zatia, Eduardo Sanchez (El proyecto de la bruja de Blair) kubatarraren film laburren antologia bat.

Astea irekiko duen pelikula azaroaren 29an iritsiko da zinema-aretoetara, Sitgeseko eta Donostiako beldurrezko zinemaldietan parte hartu ostean. Zombies party eta Arma fatal filmen egilearen lan berria komedia bat da.

Nacho Vigalondok The Profane Exhibit lana aurkeztuko du, eta Santiago Alvaradok bere lehen lana, Capa Caida.

Azaroaren 1ean amaituko den edizio honetan, Jeremy Gardnerren The Battery (AEB), Stephen Fungen Tai Chi Hero (Txina), eta Jim Mickleren bigarren pelikula (We Are What We Are) ikusteko aukera izango dugu.

Marina de Vanek Dark Touch aurkeztuko du Donostian, eta Noboru Iguchik (RoboGeisha eta Dead Sushi), Nuiglumar Z.