Zinema
Estreinaldiak
'Zipi y Zape' eta 'La herida', zinema-aretoetan
Gainera, "Gravity 3D" eta "Runner, Runner" ere pantaila handian ikusteko aukera izango da, George Clooney eta Ben Affleck protagonista dituzten pelikulak.
Clooneyk eta Affleckek Zipi eta Zaperen bihurrikerien aurka egingo dute estreinaldietan. Gaztelaniazko hainbat pelikula berri heldu dira zinema-aretoetara, tartean "Gloria", "Mi primera boda", "La herida" eta "Zipi y Zape y el club de la canica" komedia. Estatu Batuetako ekoizpenak ere heldu dira, "Gravity 3D" eta "Runner, Runner", George Clooney eta Ben Affleck protagonista dituzten filmak, hain zuzen ere.
Komikiaren munduko biki ezagunena, Zipi eta Zape, paperetik pantaila handira egin dute Oskar Santos zinemagilearen eskutik. Zapatilla anaiek ezarritako indarren aurka egingo dute. Uda erreformatorio batean emango dute Zipik (Raul Rivas) eta Zapek (Daniel Cerezo).
Sandra Bullock eta George Clooney dira "Gravity 3D" pelikularen protagonistak, hiru dimentsioko abentura bat. Ikuslea espazio-anezka batean sartuko dute, Alfonso Cuaron zuzendariaren eskutik. Ryan Stone doktorearen eta Matt Kowalsky astronauta beteranoaren bizirauteko istorioa da: Lurrarekin kontaktua galdu eta espazioaren iluntasunean murgilduko dira, mugarik ez duen toki batean.
Justin Timberlake pop abeslari ezaguna aktore lanetara itzuli da "Runner, Runner" pelikulan. Estatu Batuetako "thriller" hau Brad Furmanek zuzendu du, eta norberaren interesak eta moralitatea eta etika aurrez aurre ipintzen ditu. "Zer nahiago duzu, iruzur egin edo iruzur baten biktima izan?", galderari erantzuna bilatzen saiatu dira.
Paulina Garcia telebistako aktoreak Gloriaren papera hartu du. 58 urteko emakume hori Rodolforekin dabil, baina Rodolfo bere emazte ohiarekiko eta seme-alabekiko dependentzia du, eta bere burua aurkitzeko ariketa egitera behartuko du Gloria.
"La Herida" lanak Donostiako Zinemaldian emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta Epaimahaiaren aipamen berezia jaso ondoren helduko da zinema-aretoetara. Egindako akatsek min handia ematen diote 28 urteko emakume bati, Anari, eta muturreko pertsonalitate desoreka du. Marian Alvarez aktore ezezagunak egin du Anaren papera.
Daniel Hendler eta Natalia Oreiro dira "Mi primera boda" pelikulako protagonistak, Imanol Ariasekin batera. Ariel Winograden gidaritzapean aritu dira, benetako istorio erromantikoak berreskuratzeko.