Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Grand Piano' eta 'Cuerpos especiales', zinema-aretoetan

Erredakzioa

Sandra Bullock eta Steve Carell komedia banarekin itzuli dira: Cuerpos especiales eta El camino de vuelta. Gainera, Insidious 2 beldurrezko filma ere estreinatuko dute.

Aste honetan, Sandra Bullocken eta Steve Carellen azken lanak iritsiko dira zinema-aretoetara: Cuerpos especiales eta El camino de vuelta. Horiez gain, Insidious 2 beldurrezko filma eta Grand Piano ekoizpen espainiarra ere estreinatuko dituzte.

Cuerpos especiales

Komediako bi aktorerik onenak dira Cuerpos especiales filmeko protagonistak. Pelikula Paul Freigek (La boda de mi mejor amiga) zuzendu du.

Oraingo honetan, Sandra Bullock (Gravity) eta Melissa McCarthy (Por la cara) aktoreek polizia bikote berezia osatuko dute, eta arazoei aurre egiteko modu desberdina duten arren, elkarrekin lan egitera ohitu beharko dute.

Grand Piano

Elijah Wood (El señor de los anillos) eta John Cusack (Como ser John Malkovich) aktoreek Eugenio Mira zuzendariarekin lan egin dute 60ko hamarkada gogoratzen duen Grand Piano pelikulan.

Plano ausartak eta gidoi neurtua baliatuta, Mirak beldur eszenikoa duen Tom Selznick piano-jotzailearen istorioa kontatzen du lan horretan.

Insidious 2

Insidious beldurrezko filmaren bigarren zatia ere zinema-aretoetara iritsi da aste honetan. Oraingoan, Lambert familiako kideek haurtzaroko sekretuak ikertuko dituzte ihes egiteko.

James Wan (Expediente Warren) zuzendari ospetsuak zuzendu du, beste behin, ikusleak arnasarik gabe utziko dituen filma.

El camino de vuelta

Liam Janes eta Steve Carell protagonista dituen pelikula Nat Faxon eta Jim Rash aktoreen lehen lana da, eta nerabeen istorio dramatiko bat kontatzen du.

Erromantizismoa, garapen pertsonala eta ezarritako boterearen aurkako borroka biltzen ditu.

La mirada del amor

Arie Posin zuzendariaren eskutik, La mirada del amor pelikulak senarraren antza duen gizon batekin maitemintzen den alargun baten (Annete Benning) istorioa kontatzen du.

Pelikulan, Robin Williams (El indomable Will Hunting) eta Ed Harris (Una mente maravillosa) aktoreek ere parte hartu dute.

La vida de Adele

Adeleren bizitza erabat aldatuko da Emma ezagutzen duenean. Bien arteko amodio istorioak desira zer den erakutsiko dio Adeleri eta bere burua aurkitzeko eta heldutasunera iristeko ere balio izango dio.

Abdellatif Kechiche zuzendari frantziarrak zuzendutako filmak Adele Exarchopoulos eta Lea Sydoux aktoreak ditu protagonista nagusi. Lanak kritika bikainak jaso ditu zinema jaialdietan.

Michael H.

Zuzendariaren ibilbide artistikoa jasotzen duen dokumental austriarra.

Komedia eta ironia eta zuzendariaren pelikuletako zatiak nahasten ditu dokumentalak. Gainera, protagonistaren adierazpenak ere jasotzen ditu.

Todos queremos lo mejor para ella

Mar Coll zinemagilearen lan berria da Todos queremos lo mejor para ella. Nora Navas (Goya irabazi zuen 2011n Pa Negreri esker) da zinta honetako protagonista.

Clara Segura, Jordi Costa, Agata Roca, Pau Dura eta Valeria Bertuccelli aktoreek ere parte hartu dute ametsak errealitate bilakatu daitezkeela islatu nahi duen film horretan.