Zinema
Estreinaldia
Thor eta Scarlett Johanssonen erotismoa, protagonistak estreinaldietan
"Thor: el mundo oscuro" eta "Don Jon" lanez gain, David Truebaren "Vivir es fácil con los ojos cerrados" pelikula ere helduko da zinema-aretoetara.
David Truebaren azken lana, "Vivir es fácil con los ojos cerrados", "Thor: el mundo oscuro" eta "Don Jon" (Scarlett Johansson aktorearekin) pelikulekin lehiatuko da zinema-estreinaldietan. Egun bat lehenago heldu dira estreinaldiak, ostirala jaieguna dela eta.
Alan Taylor "Game of Thrones" telesaileko zuzendariak "Thor: el mundo oscuro" lana zuzendu du, Chris Hemsworth, Natalie Portman, Anthony Hopkins eta Tom Hiddleston protagonista dituen sagaren bigarren zatia.
Joseph Gordon-Levittek zuzendu du "Don Jon", eta protagonista ere bada. Estatu Batuetako komedia honetan, Scarlett Johansson eta Julianne Moore ageri dira aktore-zerrendan. Gordon-Levittek Jon Martelloren papera hartu du, asko ligatzen duen arren ordenagailuan pornografia ikustea maite duen gaztearena. Ez du bizitza hori maite, eta bi emakume oso ezberdin ezagutu ditu, Barbara (Scarlett Johansson) eta Esther (Julianne Moore), eta bizitzan zein amodio-kontuetan ikasbideak jasoko ditu.
"Vivir es fácil con los ojos cerrados" pelikula espainiarra 60ko hamarkadan girotuta dago. David Truebak zuzenduta, Javier Camara, Natalia de Molina eta Francesc Colomer aktoreak aritu dira bertan. Antonio izeneko irakasle batek The Beatles taldearen kantuak erabiltzen ditu ingelesa irakasteko, eta John Lennon Almeriara joan dela jakin ondoren, bertara bidaiatzea erabakiko du.
Jim Grantek (Robert Reford) bizitza lasaia du bere alabarekin batera "Pacto de silencio" lanean, ekintzaile erradikala izan ostean. Kazetari gazte batek (Shia LaBeouf) FBIri non dagoen esan ondoren, baina, akabo horren lasaitasuna, hiru hamarkada baitaramatza haren atzetik banku baten lapurretarekin zerikusia izan zuelakoan. Film honek Robert Reford du protagonista eta zuzendari.
"12 años de esclavitud" benetako istorio batean oinarrituta dago, Solomon Northup musikari afroamerikarraren bizitzan, hain zuzen ere. Taberna batean bi ezezagunekin topo egin ostean, drogatu, bahitu eta Louisianako plantazio bateko jabeari salduko diote, esklabo bihurtzeko. Une horretan, askatasuna berreskuratzeko borroka hasiko du, eta hainbat arrisku gainditu beharko ditu.
"El postre de la alegría (Paulette)" pelikula erretretadun marmarti eta arrazista baten istorioa da: zorrak itota, narkotrafikoan hasiko da. Gainerako droga-saltzaileak aurrez aurre aurkitu ostean, negozioa beste bide batetik eramatea pentsatu eta "alaitasunaren postreak" egitea erabakiko du.
"Solo Dios perdona" pelikula Bangkoken grabatu dute. Julianen istorioa da, Estatu Batuetako justiziatik ihesi dagoen droga-saltzaile batena. Horren anaia hil egin dute, prostituta gazte bat hiltzeagatik, eta amak semearen hiltzaileak akabatzeko eskatuko dio.
60 bat urteko emakume bat da "El viaje de Bettie" pelikulako protagonista. Bere maitaleak abandonatu egin duela konturatuko da, eta familiaren jatetxea kolokan dago. Bidaia bati ekingo dio orduan, eta Frantziako miss ohien lehiaketa batekin, bere alabarekin eta bere ilobarekin egingo du topo, eta, agian, baita amodio berri batekin ere.
"Hojas de hierba" oso bestelako bizitzak dituzten bi bikiren istorioa da. Bill filosofia irakaslea da eta Brady droga-saltzailea. Narkotrafikatzaile arriskutsu batzuek hilda ikusi nahi dute bigarrena.