Zinema
Zinema-aretoetan
'Séptimo' eta 'El juego de Ender', asteko estreinaldi nagusiak
Erredakzioa
Ricardo Darin eta Belen Rueda protagonista dituen pelikulaz eta Orson Scott Carden eleberriaren moldaketaz gain, komediak, dramak, beldurrezko filmak eta espioien istorioak estreinatuko dira.
El juego de Ender, Orson Scott Carden eleberrian oinarritutako filma, eta Séptimo, Belen Rueda eta Ricardo Darin protagonista dituen pelikula, dira asteburu honetako estreinaldi nagusiak. Horiez gain, beldurrezko filmak, komedia estatubatuarrak eta europarrak, dramak eta espioien istorioak ikusteko aukera ere izango dugu.
El juego de Ender
Gavin Hood (X-Men orígenes: Lobezno) zuzendariak Scott Cardek 80ko hamarkadan idatzitako eleberri arrakastatsuan oinarritutako lana zuzendu du. Ender ume miragarria da eta, estralurtarren inbasioaren ostean, bera da gizateria salbatzeko esperantza bakarra.
Pelikulan, Hollywoodeko izar berriek parte hartu dute: Asa Butterfield (La invención de Hugo), Abigail Breslin (Bienvenidos a Zombieland) eta Hailee Steinfeld (Valor de ley). Horiez gain, Harrison Ford eta Ben Kingsley aktoreak ere aritu dira bertan.
Séptimo
Patxi Amezcua (25 kilates) zinemagile nafarraren pelikula berria familia baten gainbeheraren kronika da. Aitarekin jolas inozoa egiten ari diren bitartean, bi semeak desagertu egingo dira.
Ricardo Darin eta Belen Rueda ditu protagonista filmak, eta, horiez gain, Luis Ziembrowski, Osvaldo Santoro eta Guillermo Arengo ere ikus daitezke antzeztaldean. Filmaren musika Roque Bañosena da.
Somos los Miller
Como acabar con tu jefe filma egin ostean, Jennifer Anniston eta Jason Sudeikis aktoreak elkarrekin aritu dira berriro mezu positiboa duen komedia honetan. Rawson Marshall Thurber (Cuestión de pelotas) zinemagilearen aginduetara, Emma Roberts (Hotel para perros), Will Poulter (El hijo de Rambow) eta Ed Helms (Resacon en las Vegas) aktoreek ere hartu dute parte proiektuan.
Filmeko protagonista David droga-trafikatzailea da. Stripper bat, gazte inuzente bat eta etxetik ihes egin duen neska bat bilduko ditu Davidek, familia baten itxurak eginez kargamentu ilegal bat Mexikora eramateko.
La cabaña en el bosque eta El último exorcismo 2
Aste honetako beldurrezko proposamenetako bat da La cabaña en el bosque. Joss Whedon zuzendaritzapean, Chris Hemsworth (Thor:El mundo oscuro), Bradley Whitford (El ala oeste de la Casa Blanca) eta Richard Jenkins (A dos metros bajo tierra) aktoreak ditu protagonista.
Bigarren aukera, El último exorcismo 2 filma da. Ashley Bell protagonista duen lana 2010eko filmaren bigarren zatia da.
Esto no es una cita eta Stockholm
Guillermo F. Groizard zuzendariak sinatu du Esto no es una cita pelikula. Komedia erromantikoa da, eta Dario Frias eta Virginia Rodriguez ditu protagonista.
Stockholm ere amodio istorio bitxia da. Aura Garrido eta Javier Pereira aktoreak protagonista dituen filmak 'Stockholmeko sindromea'ri buruzko gogoeta egiten du.
Del lado del verano
Antonia San Juan pelikula berri batekin dator. Tú eliges lanaren ostean, Del lado del verano drama zuzendu du orain. Macarena Gomez, Mariam Hernandez eta Eduardo Casanova dira Kanarietan grabatutako lan honetako protagonistak.
Familia baten gorabeherak eta miseriak erakusten dira bertan.
Un cerdo en Gaza
Un cerdo en Gaza komedia Sylvain Estibal (Cesar sari baten irabazea) zuzendariaren lehen lana da.
Arrantzale batek txerri bat harrapatuko du sarean, eta Gazan saltzea erabakiko du. Lurraldean biziko duen abentura kontatzen du filmak.
Alpha
Miquel Fernandez (Fin) da Alpha pelikulako aktore nagusia. Joan Cutrinak zuzendu duen lehen film honetan, garai batean batuta zeudenak etorkizunean elkarrekin borrokan egon daitezkeela islatzen du.
Hiru lagunek gaizki aterako den lapurreta bat prestatuko dute. Zortzi urte geroago, horietako bat kartzelatik aterako da, eta, lagunak ikustera joanda, bata udaltzaina eta bestea narkotrafiko sare bateko buru bilakatu direla jakingo du.
El efecto K. El Montador de Stalin eta The Berlin File
Valentí Figueresek dokumental itxura duen El efecto K. El montador de Stalin fikziozko lana zuzendu du. Lanak Maxime Stransky II. Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibila bizi izan zituen aktore eta espioi baten istorioa kontatzen du. Jordi Collado eta Anthony Senen ditu aktore nagusi.
Hego Koreatik The Berlin File filma dator. Bere benetako nortasuna ezagutzera eman dutela jakin ondoren, agente bat nork traizionatu duen argitzen saiatuko da.
Las mejores cosas del mundo
Komedia dramatiko hori Lais Bodanzky brasildarrak sinatu du, eta Caio Blat eta Gustavo Machado ditu protagonista.
Gurasoak dibortziatu ostean, Mario izeneko nerabe batek bere minari aurre egin eta etxea aurrera atera beharko du, anaiarekin batera.