Zinema
Laguntzak
Zinemagintzari laguntzak emateko baldintzak zabaldu ditu Europak
Bi herrialde edo gehiagoren artean egiten diren ekoizpenei laguntza gehiago ematea proposatu dute eta baita zinema ondarea sustatzea ere.
Europar Batzordeak zinemagintza eta ikusentzunezko lanak diruz laguntzeko baldintza berriak jakinarazi ditu. Estatuek dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduerak definitzeko tartea zabaldu dituzte.
Nobedadeen artean, bi herrialde edo gehiagoren artean egiten diren ekoizpenei laguntza gehiago ematea proposatu dute eta baita zinema ondarea sustatzea ere.
"Europan ikusentzunezko sormena sustatzea dugu helburu, Europar Batasuneko aniztasun kulturala mantentzen den bitartean", adierazi du Joaquin Almunia Europar Batzordeko presidenteorde eta konpetentzia arduradunak. Europako zinemaren "bideragarritasuna eta lehiakortasuna" bermatu nahi dituzte horrela.
Bruselak jakinarazi duenez, herrialde batek baino gehiagok finantzatzen duten pelikuletan, dirulaguntzak ekoizpenaren aurrekontuaren %60ra artekoak izan ahalko dira. Bestalde, gidoiak idazteko edota zinema proiektuak idazteko ez du mugarik ipintzen, ezta "ikusentzunezko lan zailetarako".