Zinema
Estreinaldiak
'Blue Jasmine', Woody Allenen itzulera
Espainiako bi ekoizpen heldu dira zinema-aretoetara: "¿Quién mató a Bambi?", Quim Gutierrez eta Ernesto Alteriorekin, eta "Retornados", zonbi generoan aldaketa sakona ekarri duen filma.
Woody Allenek urtero estreinatzen du pelikularen bat, eta "Blue Jasmine" filmaren txanda heldu da orain. Halere, konpetentzia itzela izango du, Espainiako film bi heldu direlako zinema-aretoetara: "¿Quién mató a Bambi?" eta "Retornados".
Gizarte-maila altuko emakumea da Jasmine, baina krisialdian sartu da. Bere ahizparen etxera joan eta egoera horretara eraman duten arrazoiak ulertzen saiatuko da. Cate Blanchettek lan zoragarria egin du "Blue Jasmine" pelikulan protagonista gisa. Woody Allen zuzendariaren azken lana da, eta kritika ezin hobeak jaso ditu.
Bi bahiketa, urtebetetze festa bat, anabasa eta barre asko (Andres Iniestaren paper txikiaz gain) dira "¿Quién mató a Bambi?" pelikularen osagai nagusiak. Santi Amodeok zuzendu du komedia hori, eta Espainiako zinema munduko izen garrantzitsuak bildu ditu, Quim Gutierrez eta Ernesto Alterio, kasu.
"Retornados" pelikulan, herritar gehienak zonbi bihurtuko dira birus baten ondorioz. Txerto batekin ekidin daiteke kutsatzea, baina eskuratzea ez da erraza. Manuel Carballok zuzendu du, eta zonbi generoan aldaketa sakona ekarri du. Sitgeseko eta Estrasburgoko zinemaldietan izan da, eta baita arrakasta handia lortu ere.
Mafiako familia bat FBIren lekukoak babesteko programa batean sartu da, eta Normandiara (Frantzia) joan da bizitzera. Etxe berrian konturatuko dira ohitura zaharrak barneratuta dituztela. Robert de Niro eta Michelle Pfeiffer aktore handiek parte hartu dute, eta hori da "Malavita" lanaren erakargarritasunetako bat. "Thrillerra" eta komedia, bat eginik.
Familiaburu gisa aritzera behartu dute Simon umea, arreba nagusia mantendu behar baitu eski-estazioan lapurtutako materiala saltzen aterako duen diruarekin. Ursula Meier da "Sister" laneko protagonista, eta umeen arazoak beste ikuspegi batetik aztertzen ditu. Lea Seydoux "La vida de Adele" lanean parte hartzeagatik ezagun egin zen aktorea ere aritu da bertan.
Eric Bana eta Olivia Wilde dira "La huida" laneko protagonistak, eta Stefan Ruzowitzky austriarra du zuzendari. Addison eta Liza anai-arrebak dira, eta, kasino batean lapurreta egin ostean, banatzea erabakiko dute. Kartzelatik irten berri den boxealari batekin topo egin ondoren, planak aurrera eramatea uste baino zailagoa egingo zaie.
"Saw" sagaren sortzaileek "The Collection" aurkeztu dute, 2009ko "The Collector" lanaren hurrengoa, eta "gore" generoaren zaleak asetzeko behar duen guztia du. Festa batean izan ziren guztiak hil dira, modu harrigarrian, Elena izan ezik. Psikopata batek bahitu egingo du, eta hotel beldurgarri batera eramango du.
Valentziako bere auzotik irten eta ekintza berezi bat egin beharko du Miguelek bere aitonarekin batera. Gutxinaka, bere egingo du misio hori. Alberto Moraisek zuzendu du "Los chicos del puerto" film luzea, eta hiru aktore berri ditu protagonista: Omar Krim, Blanca Bautista eta Mikel Sarasa.